Sabadellgo Vicosystems enpresak Robotiq Tourra antolatu du estreinakoz, Irurtzunen asteartean hasi eta ondoren Madril, Pontevedra eta Valentzia bisitatuko dituena. Saio horietan guztietan elkarlaneko robotikaren arloan dauden azken berrikuntzak eta haien aplikazio praktikoak ezagutzeko aukera egonen da. Izan ere, makina horietan adituak ziren teknikari trebeak izan ziren Irurtzunen. Topaketak enpresetako ordezkariek esperientziak trukatzeko balio izan zuen.
Sakanako Garapen Agentziako industria eta zerbitzu teknikari Odei Arregi Azpitartek azaldu duenez, Vycosystems, Iruña Tecnologias, Robotiq eta Dinabideko 14 partaidez aparte, beste 38 pertsona egon ziren Dinabiden. Haien artean Sakanako hiru enpresetako hamar pertsona izan ziren. Guztira 40 enpresetako ordezkariak bildu zituen Dinabideko saioak. Sektoreez galdetuta, Arregik azaldu duenez, “erabat industriara bideratuta hainbat sektoretako enpresetako ordezkariak etorri ziren: automatizaziokoak, fabrikazio metalikoko eraldaketa prozesuetan parte hartzen duten enpresak, fundizioak, garraioa, eolikoa eta abar. Industria arlokoak denak, baina partaidetza heterogeneoa izan zen”.
Antolatzaileak
Vicosystems enpresatik azaldu dutenez, “elkarlaneko robotikan eskarmentuak eta sektoreko fabrikatzaile nagusiekin urteetan egin ditugun aliantza indartsuek aukera eman digute beti azken joeren berri izateko, eta, aldi berean, gure tokiko bezeroei produkturik berritzaileenak eskaintzeko”.
Testuinguru horretan sortu dute Robotiq Tour by Vicosystems, “berrikuntza hori maila nazionalean hedatzeko helburuarekin, lankidetza estuak lotzen dituen beste erkidego batzuetako aliatuen eskutik, ekitaldi hau herrialdeko hainbat txokotara eramanez”. Robotiq produktuen “soluzio berritzaileenak” aurkeztuko zituzten Irurtzunen, “aplikazio eta sektore ugari ase ditzaketenak”. Gainera, Robotiq produktuak pertsonalki ikusi eta probatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek. Robotiq enpresako bi arduradun ere izan ziren Irurtzunen, Etienne Samson eta Daniele Pamparana. Enpresa kataluniarrak Irurtzungo aurkezpenerako Iruña Tecnologias de Automatización SL enpresaren laguntza izan zuen.
Hain zuzen Dinabidek azken enpresa horrekin duen harremanagatik egin zen saio hori Irurtzunen atzo. Arregik azaldu duenez, “Iruña Tecnologias de Automatización SL-koek aurretik prestakuntza batzuk eman dituzte gure instalazioetan eta bertan dugun UR3 elkarlanerako robota ere beraien bitartez eskuratu genuen”. Teknikariak azaldu duenez, halakoaren moduko ekitaldiak hartzea “enpresa askok Dinabide ezagutzeko balio dute. Astearte goizean ditugun teknologiak eta gainerako guneak ikusi zituzten. Gainera, bisitatzen gaituzten enpresetako ordezkariek Dinabideren funtzionamendua eta dituen helburuak ulertu zituzten. Zerbitzuak ezagutzean hasten da guretako hain garrantzitsua den elkarlan harreman hori”.
Arregik azaldu duenez, “elkarlan posible baterako harremana” sortzeko aukerak izanen dira hilaren 28an ACAN, Nafarroako Automozio Klusterreko kideen erakusketa eta ezagutza bisita programatuta baitute. Club de Marketing-eko elkartekideak ere Dinabidetik pasatzekoak dira.
Zortzi
Pertsona kopuru hori da gaur egun Dinabideko Coworking espazioan lanean ari dena.