Osasuna Magna Xotak mailaz igo den Manzanares taldearekin bana berdinduta ekin dio 2021/2022 denboraldiari. Partida Anaitasuna pabilioian jokatu zen, 1.000 zaleren aurrean, eta nahiz eta 32. minutuan Carlos Ventok Osasuna Magna aurreratu, Manzanares taldeko Alex Fuentesek bana berdintzea lortu zuen. Imanol Arregiren gizonek gol aukera paregabeak izan zituzten, baina kontrako atean ez zuten asmatu. Historia errepikatzen da.
“Irabaztea merezi genuen, eta pena da, baina ezin da huts egin genuena huts egin” aitortu zuen partida bukaeran Imanol Arregik. “Gutxienez 5 gol sartzeko aukera izan dugu, eta ez dugu egin. Eurek ere aukera batzuk izan dituzte, Asier gure atezainak bizpahiru geldialdi bikain egin ditu, baina Manzanaresen jokalari onena, zalantzarik gabe, euren atezaina izan da. Lana egina dago, baina partida ixten jakin behar da” gaineratu zuen. Bestalde, fitxaketa berriak ongi aritu zirela aipatu zuen, baina oraindik lan handia dagoela egiteko.
Hurrena, El Pozo Murcia
Larunbatean El Pozo Murcia taldea izango du aurkari Imanol Arregiren taldeak, 17:00etan Murtzian jokatuko den partidan.
1.400 bazkide baino gehiago
Xotako presidente Tatono Arregik Navarra Television telebista katean egindako elkarrizketan azaldu duenez, klubak 1.400 bazkide baino gehiago ditu. “Oso pozik gaude. Bazkide horiek behar ditugu” azaldu du. Halaber, kluba Irurtzunen sortu zela, euren sorterria mantentzen dutela baina Irurtzundik zabaldu dela eta egun, bazkideen %85 Iruñekoak eta Iruñerrikoak direla gaineratu zuen. “Harrobi proiektua gara, eta nafar oinarri horrek indartsuago egingo gaitu. Ez da kasualitatea” nabarmendu zuen.