El Pozo Murcia Lehen Mailako talde indartsuenetako bat da, baina Osasuna Magna Xotak adorez jokatu zuen arrain handiaren kontra eta garaipen zaporea duen berdinketa lortu zuen larunbatean Murtzian.
Lehen zatian El Pozo Murciak agindu zuen. Murtziarrek hainbat gol aukera sortu zituzten, baina Asier Llamas atezain irurtzundarrak guztiak gelditu zituen. Osasuna Magna Xota bere aukerak sortzen hasi zen ere, baina Martelek El Pozo aurreratu zuen. Atsedenaldia eta gero partida parekatu zen eta lehia estua eskaini zuten bi taldeek. Osasuna Magna saiatu zen, baina Valeriok El Pozoren bigarrena sartu zuen. Hala ere, Imanol Arregiren mutilek ongi erantzun zuten eta Raul Rocha brasildarrak Osasuna Magnaren markagailua mustu zuen. Tamalez, El Pozok hirugarrena sartu zuen segidan, baina Osasuna Magnak ez du inoiz amore ematen, eta eraso berdea hasi zen. Tonik sartutako golari esker, 3 eta 2 gerturatu zen talde nafarra, eta partida bukatzeko 6 minuturen faltan Imanol Arregik Linhares atezain-jokalari postuan jarri zuen eta hain zuzen ere Linharesek sartu zuen hirugarren gola, berdinketarena, oso zapore ona izan zuena. Garaipena lortzear egon zen talde berdea, baina El Pozoko Juanjo atezainak Dani Zurdoren jaurtiketa maltzurra gelditzea lortu baitzuen.
Imanol Arregik azaldu zuenez, “egindako lanarekin kontentu egoteko moduan gaude. Partida guztia atzetik ibili gara, hainbat akats egin ditugu, baina taldeak bere buruan sinistu du eta berdintzea lortu du. Puntutxo bat lortu dugu eta garaipena lortzeko zorian egon gara, baina berdinketa justua dela iruditzen zait”.
Lehen mailako lider Viña Albali Valdepeñas taldea da (6 puntu), Jaen taldearekin puntuetara berdinduta. Xota hamaikagarren postuan dago, 2 punturekin. Ostiralean Osasuna Magna Xotak sailkapenean bigarren postuan dagoen Jaen taldea hartuko du, 20:30ean, Anaitasunan.