Astekaria

"Gidan agertzea oso positiboa da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko urr. 20a, 13:20

Rubén Erviti Fernandez Aluminios Erviti enpresako kidea. UTZITAKOA

Guaixe Fundazioak duela sei urte Sakanako Gida komertziala aurkeztu zuenetik, Aluminios Erviti bertan agertzen da.

Rubén Erviti Fernandez enpresako bazkideak publizitatearen garrantziaz hitz egindu.

1. Non dago Aluminios Erviti?
Irurtzungo Akaborro industriagunean, 13. zenbakian.

2. Zein da enpresaren historia? Zer egiten duzue?
1982. urtean sortutako aluminio arotzeria bat gara. Hasiera batean aluminiozko arotzeria egiten genuen bakarrik, baina merkatuaren garapenagatik garai berrietara egokitu gara eta orain aluminioa eta PVC-a lantzen dugu ere.

3. Zenbat jendek egiten du lan?
Orain zortzi pertsona gaude.

4. Non egiten duzue lan? Sakanan bakarrik?
Nafarroa osotik mugitzen gara, baita Gipuzkoan lan egiten dugu ere.

5. Nola planteatzen duzue publizitatea?
Publizitaterako aurrekontu bat dugu eta bazkideen artean zer egin erabakitzen dugu. Urtero Nafarroako iparraldean banatzeko egutegiak egiten ditugu, eta etxeetara bidaltzen ditugu. Hori urtero egiten dugu, zerbait finkoa da. Gero guaixeko Eraikuntza eta etxebizitza gehigarrian parte hartzen dugu. Hori ere urtero egiten dugu. Dirua sobran bada erabakitzen dugu publizitatean inbertsio gehiago egitea.

6. Egiten duzuen publizitatea eraginkorra da?
Nik uste baietz. Gidarena ez dugu egiaztatuta, baina Sakanan publizitatea egitea gustatzen zaigu. Egutegiak eraginkorrak direla egiaztatu dugu. Urtero 30.000 egutegi egiten ditugu eta etxe guztietara bidaltzen ditugu.

7. Astekaria, irratia, webgunea… Nola baloratzen duzue Guaixe Fundazioak eskaintzen duen publizitatea?
Esperientzia ona da. Horregatik urtero agertzen jarraitzen dugu.

8. Eraikuntza eta etxebizitza gehigarria gustatzen zaizu?
Ongi dago beti ez ditugulako Sakanan dauden enpresa guztiak ezagutzen. Batzuk txikiagoak gara, beste batzuk handiagoak… Galdetzen badizute zer enpresa ezagutzen dituzu Sakanan, lau edo bost handi datozkizu burura. Sukalde enpresa bat galdetzen badizute agian Salmen datorkizu burura, baina gehiago daude. Leihoengatik galdetzen badizute Ervitin edo Egokin pentsatzen duzu. Ona da horregatik, gremio gehiago ezagutzeko aukera ematen duelako, eta eraginkorra da. Gainera, informazioa ere eskaintzen du; eraikuntzaren mundu nola doan eta abar azaltzen da, eta informazioa eta publizitatea uztartzea oso ongi dago.

9. Guaixe Fundazioa zerbitzuak Sakanako Gida egiten hasi zenetik bertan agertzen zarete. Garrantzitsua da bertan egotea?
Garrantzitsua da urtero etxeetara iristen den gida bat delako, eta jendeak gorde dezake. Etxean beti egoten da erreforma txikiren bat egiteko beharra, eta horrelako gida bat etxean izatea ongi dator.

10. Sakandarrek etxean jasotzen dute doan. Nola baloratzen duzu produktua?
Oso positiboa da. Doanekoa izatea eta etxe guztietara iristea oso positiboa da. Azkenean, jende gehiagorengana iristea beti da ona; ezagutzera ematea eta publizitatearekin zerikusia duen guztia positiboa da. Jendeari erraztasunak ematen dizkizozu, eta hori ona da.

11. Laster gida online martxan egongo da eta Euskal Herri osoan ikusgai egonen da. Nola ikusten duzue urrats hau?
Inoiz ez dator gaizki bertan egotea. Gu bezalako bertako enpresa batendako agian ez da hain deigarria, baina beste batzuentzako oso deigarria izan daiteke. Baina, esan bezala, hor egotea beti izango da ona; ez da gaizki etorriko. Seguruenik Eibarko batek ez dizkidala leihoak niri kontratatuko, baina nork daki. Behintzat ezagutzen gaituzte. Zerbait positiboa da.