Irurtzungo Atakondoa kiroldegiak emakumezkoen senior mailako lehen mailako partida hartu zuen igandean, Xotaren eta Murchanteren artekoa. Oso ongi aritu ziren Roberto Martilen neskak, lehen zatian bereziki. Gol aukera apartak sortu zituzten eta ongi defendatu zuten. Hermo Collek 10. minuturako sartutako bi golekin, eroso lehiatu ziren Xotakoak. Youssra Chafiak eta Irantzu Zarranzek markagailua indartu zuten, eta 4 eta 0 aurreratu zen Xota. Bigarren zatian iritsi zen Murchanteko Talleres Recarteren erantzuna, Jaione Aldibarrek bi gol sartu baitzituen 5 minutuko tartean. Gehiago estutu zuen Murchantek, baina Xotak bikain eutsi zuen eta hiru puntuak Irurtzunen geratu ziren.
Osasuna Futsal taldea da emakumezkoen senior mailako lehen mailako liderra (10 puntu). Xota laugarrena da (6 puntu), eta asteburuan atseden jardunaldia du.
2. maila
Emakumezkoen senior mailako bigarren mailan Xotak 2 eta 3 galdu zuen San Miguel taldearen kontra larunbatean Atakondoan. 2 eta 1 aurreratu ziren irurtzundarrak, baina berdintzea eta azken unean garaipenaren gola sartzea lortu zuen Larragako San Miguel taldeak. Mendialdea da bigarren mailako liderra (9 puntu) eta Xota bederatzigarrena da, punturik gabe. Ostiralean Tafallako Miguel Indurain Belodromoan jokatuko du Xotak, 3 punturekin sailkapenean seigarren den Tafatrans Tafa taldearen kontra, 20:00etan.