Areto futbola

Denboraldiko lehen garaipena lortu du Osasuna Magna Xotak

Guaixe 2021ko urr. 25a, 11:02
Denboraldiko lehen garaipena etxean ospatu zuen Xotak. XOTA

Imanol Arregiren taldeak partida erremontatu zuen eta 4 eta 2 irabazi zion Jaeni. Linharesek hiru gol sartu zituen

Ostiralean partida zirraragarria eskaini zuten, Anaitasunan, Osasuna Magna Xotak eta Jaenek. Ongi hasi ziren Imanol Arregiren mutilak, eta 20. minutuan Jaenen atea zulatzea lortu zuen Linharesek eta atsedenaldira aldeko markagailuarekin joan ziren berdeak. Bigarren zatia hasi eta berehala, Rochak, Tony Escribanok eta Roberto Martilek aukera paregabeak izan zituzten, baina baloia ez zen Jaenen atera sartu. Aldiz, Jaenen kontraeraso perfektu bat modu ezin hobean borobildu zuen Dani Martinek, eta berdinketa lortu zuen. Eta minutu bat geroago Jaenek bigarren gola sartu zuen. 

Hala ere, Imanol Arregiren ez zuten partida galdutzat eman. Partida bukatzeko bost minuturen faltan, Imanolek Linhares atezain-jokalari postuan jarri zuen eta hain zuzen ere Linharesek lortu zuen binakako berdinketa, 36. minutuan. Talde berdeak erasoan jarraitu zuen eta handik minutu batera Dani Zurdok gol ederra sartu zuen ezkerrarekin, urrutitik, ikusleen harridura sortu zuena eta Osasuna Magna 3 eta 2 aurreratu zuena. Eta hiru minuturen faltan Linharesek bere hirugarren gola sartu zuen, bere eremutik sartutakoa, atezain-jokalaria baitzen. Eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuen talde berdeak. Aipatzekoa da Ion Cerviño irurtzundarrak denboraldi honetako bere lehenengo minutuak jokatu zituela.

Imanol Arregi oso pozik zegoen garaipenagatik baino, garaipena lortu zen moduarengatik. Partida “gogorra” izan zela nabarmendu zuen teknikariak, eta bere iritziz Xota “bigarren zatian askoz hobeki” egon zela. “Lortutako puntu hauek konfiantza-puntuak dira; puntu hauek guretzat sekulakoak dira” gaineratu zuen. 

Hurrena, Zaragoza
Areto futboleko lehen mailak lider berria du, Barça (9 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren postura igo da (5 puntu). Larunbatean Zaragozan jokatuko du talde nafarrak, puntu batekin hamabosgarren den Futbol Emotion Zaragoza taldearen kontra.