Gau Beltza Domu Santu Egunaren bezperan ospatzen da. Transmisio katea hautsi eta bertako ohituren ordez atzerritik iritsitakoak zabaltzen ari zirela, kezka hori zuten Pikuxar euskal txokoan. Horregatik, garai bateko bertako ospakizuna biziberritzea erabaki zuten. Izan ere, garai batean Sakanan ere arbiak hustu, zuloak egin eta kandela barruan sartuta jendea ere beldurtzen zuten. Horregatik, kalabaza eta maskara tailerra antolatu dute pikukideek, larunbatean, 17:00etan.
Larunbatean egindakoak igandeko Ibilaldi Beltzean erabiltzeko aukera izanen da. Hori Pikuxarrekoek “arimen munduan murgiltzeko” egindako gonbidapena da, “begiak ondo ireki eta belarriak prest izan, bidean zehar misterioak eta gaueko izaki beldurgarriak agertu daitezke eta”. Pikuxarrek antolatutako ibilaldian Orritz, Iskidi, Tramanklu, Ion Barbarin, Yurena Perez eta Alazne Fernandez de Muniainek parte hartuko dute.