Areto futbola

Xotak Zaragoza izango du aurkari bihar Aragoin

Guaixe 2021ko urr. 29a, 10:30

Osasuna Magna Xotaren entrenamendua. Roberto Martil kapitain irurtzundarra, baloiarekin aurrera. XOTA

Bide oso onean dago talde irurtzundarra: ez du partidarik galdu eta puntuak biltzen jarraitu nahi du. Imanol Arregik ezingo du Ion Cerviño aretora atera, Espainiako hemeretzi urtez azpiko selekzioarekin kontzentratuta dagoelako

Imanol Arregi entrenatzailea mimoz prestatzen ari da Osasuna Magna Xotak larunbatean Futbol Emotion Zaragoza taldearen kontra jokatuko duen partida (18:00etan, LaLigaSportsTV). Lehen Mailan jokatutako hiru jardunaldietan talde berdeak ez du galdu: bi berdinketa eta garaipen bat lortu ditu, ostiralean Jaenen kontrako 4 eta 2ko garaipena, hain zuzen ere, denboraldiko lehena, eta talde berdeak puntuatzen jarraitu nahi du. Sailkapenean zazpigarren postuan dago Xota, bost punturekin, eta Futbol Emotion Zaragoza jaitsiera postuetan dago, hamabosgarren, puntu bakarrarekin. Dena den, nafarrak ez dira fio eta partida gogorra aurreikusten dute. Xota gauzak oso ongi egiten ari da, taldea sendotzen doa, eta ea Zaragozako puntuak eskuratzerik duten. 

Ion Cerviño
Xotako Ion Cerviño Pueyo jokalari gazteak beste behin Espainiako Areto Futbol Selekzioko deia jaso du, oraingo honetan hemeretzi urtez azpiko selekzioarena. Selekzioak prestaketa kontzentrazioa egingo du igandetik ostegunera, eta bertan ariko da Ion Cerviño. Tartean lagunarteko partida bat jokatuko da. Beraz, Cerviñok ezingo du bere taldeak bihar, larunbata, Zaragozaren kontra jokatuko duen partidan aritu.

Irurtzundarrak ilusioz hartu du selekzioko deia. “Hemeretzi urtez azpikoaren deialdiagatik oso kontentu nago. Hautatzaileari eskerrak eman nahi dizkiot, niganako duen konfiantzagatik, eta hemendik aurrera lan handia egin beharko dut deialdi hau azkena izan ez dadin” adierazi du Xotako atzelari gazteak.