Osasuna Magna Xotak Lehen Mailako Ligako laugarren jardunaldiko partida jokatu zuen larunbatean Zaragozan, Futbol Emotion Zaragoza taldearen kontra. Etxeko taldea izan zen aurreratu zena, baina talde berdeak berehala berdindu zuen. Partida guztiz irekia zen eta bi taldeek aukera ederrak sortu zituzten. Imanol Arregik partida gelditu eta baloiaren jabetza eta kontrola hartzea eskatu zien bere mutilei. Bigarren zatian Zaragoza aurreratu zen, 2 eta 1, baina kasu honetan ere berehala berdindu zuen Xotak. Imanol Arregiren mutilek ez zuten etsi eta Raul Rochak 2 eta 3 aurreratu zuen Xota. Zaragozakoak berdintzen saiatu ziren, baina kontraeraso bati esker iritsi zen Xotaren laugarrena, Bynhok sartutakoa. Zaragozak hirugarrena egin zuen eta markagailuan gerturatu zen, baina Osasuna Magna Xotaren erantzuna bikaina izan zen, hiru gol sartu baitzituzten Raul Rochak, Juninhok eta Tonyk.
Imanol Arregik partida bukaeran adierazi zuenez, “sekulako partida egin dugu. Lehen zatian izan ditugun lau minutu tuntun kontuan hartu gabe, oso ongi aritu gara”. Garaipen horri esker, sailkapenean gora egin du talde irurtzundarrak. Lehen Mailako lider Cordoba taldea da (bederatzi puntu) eta Osasuna Magna Xota seigarren postura igo da (zortzi puntu). Ostiralean talde berdeak sailkapenean bigarren den Barça taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 20:30ean. Xotak partida klubaren eguna izendatu du, eta ikusmina handia da.