Euriak ezin du gau beltzarekin

Guaixe 2021ko aza. 4a, 08:39

Artadiko bidean egitekoa zen Ibilaldi Beltza Atakondoa eskolara lekualdatu zuen Pikuxar euskal txokoak eguraldi iragarpenean oinarrituta.

Igandearekin suertatu zen aurten gaur beltza edo arimen gaua. Pikuxar euskal txokoak bezperan maskarak egin eta kuiak hustu eta itxura emateko tailerra antolatu zuen. Tramankulu bikoteak gidatuta, hiru txandatan, ehun umek hartu zuten parte. Igandean, euri iragarpena zela eta, antolatzaileek Ibilaldi Beltza mendian egin beharrean Atakondoa eskolan egitea erabaki zuten. Hala, 17:30ean hasita, hamar txandatan banatuta, 280 pertsonak egin zuten bidea ikastetxe ilunean barna.

Tramakulu taldea (Miren Bajo eta Igor Lanz), Yurena Perez, Ion Barbarin eta Alazne Fernandez de Muniain aktoreek bost geldialdiz osatutako ibilbidean lagundu zituzten bertaratutakoak. Orritz  eta Iskidiko mitologia pertsonaiek (Gaueko,Gizotso, Basajaun eta Tartalok) ileak laztu zizkieten ikusleei, ume, gaztetxo zein heldu. Bukaeran, ordea, beldurra goxatzeko, gaztaina erre goxoak zain izan zituzten eskolako patioan.

Bosgarren urtez antolatu du Pikuxar euskal txokoak gau beltza. Duela 4 urte ekin zion elkarte honek Gau beltzaren inguruko ekintzei. Lehenengo urtean, Itziar Diez de Ulzurrun eta Josu Ozaita ikerlarien Halloween edo Gau Beltza? hitzaldia antolatu zuten. 2019an antolatu zuten aurreneko aldiz Ibilaldi Beltza, Plazaolatik abiatu eta Ardanzetan barna. Lehen ibilaldiak arrakasta handia lortu zuen, baina joan den urtean pandemiak errepikatzea galarazi zuen.

Erlazionatuak