Igandean Atakondoan jokatutako partidan Xotak eta Iruntxikik launa berdindu zuten, baina Irurtzungo taldeak gehiago merezi izan zuen. Gol aukera askoz ere gehiago sortu zituzten irurtzundarrek, baina punteria arazoa izan zuten. Horren isla, lau baloi baino gehiago joan zitzaizkien zurtoinera. Irune Goikoak mustu zuen markagailua, baina Iruntxikik berdintzea eta 1 eta 2 aurreratzea lortu zuen azkar. Xotak ongi erantzun zuen eta Maite Medinari eta Irantzu Zarranzi esker 3 eta 2 aurreratu ziren irurtzundarrak. Pozak gutxi iraun zuen, atzera ere hiruna berdindu baitzuen Iruntxikik. 24. minutuan Iruntxiki 3 eta 4 aurreratu zen, baina Iranzu Zarranzek penaltiz sartu zuen berdinketaren gola. Bi taldeak garaipena lortzen saiatu ziren, irurtzundarrek aukera gehiago izan zituzten, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. Gehiago merezi izan zuen Xotak, baina horrela dira gauzak.
Osasuna Futsalek jarraitzen du Emakumezkoen Seniorren Lehen Mailako lider (hamasei puntu). Xota zazpigarren postuan dago (zazpi puntu). Igandean sailkapenean seigarren den Mutilbera izango du aurkari Xotak, Aranguren kiroldegian 11:00etan jokatuko den partidan. Bi arerio zuzenen arteko partida estua espero da.
Bestalde, emakumezkoen Senior Mailako Bigarren Mailan Xota B taldeak bere lehenengo garaipena lortu zuen, Oliteri 2 eta 1 irabazi eta gero, Ainara Legarraren eta Naia Lezaren golei esker. Etxean, gogo biziz ospatu zuten garaipena. Mendialdea da liderra (hamabi puntu) eta Xota B zortzigarren da (hiru puntu). Larunbatean Antsoainen jokatuko du Xota B-k, Gazte Berriak taldearen kontra, 12:00etan.