Pilota

Irurtzunek Euskal Herriko txapela defendatuko du

Guaixe 2021ko aza. 5a, 12:00

Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionaleko final handia, Irurtzun eta Lemoaren artekoa, igandean jokatuko da Zumarragako Beloki pilotalekuan, 11:00etan, ia urte eta erdi beranduago eta mundu mailako pandemia bat tarteko. Azaroaren 7a “pilotaren festa” izatea nahi du Pilotabizik

Urtebete eta erdi luze atzeratu den finala jokatuko du Irurtzun Pilota Klubak igandean: VI. Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionaleko final handia. Irurtzunek Lemoa izango du aurkari igandean, 11:00etan Zumarragako Beloki pilotalekuan erabakiko den finalean, eta bi klubak finala jokatu eta irabazteko oso gogotsu daude.

Hain zuzen ere, joan zen urteko, 2020ko, Kluben Arteko Nazionaleko finala da etzi erabakiko dena. Iaz, txapelketa martxan zegoen pandemia iritsi eta guztia gelditu zenean. Hain zuzen ere, 2020ko martxoaren 8an Irurtzunek eta Oberenak txapelketako finalerdia jokatu zuten eta Irurtzun martxoaren 29an jokatzekoa zen final handirako sailkatu zen, Oberenari hiru partidak irabazi eta gero. Lau eta Erdikoan Olaetxeak 18 eta 10 irabazi zion Canabali, Buruz Burukoan Retegik 4 tantotan utzi zuen Aldabe eta Binakakoan Ongayk eta Bergerak 22 eta 14 hartu zituzten mendean Mata eta Irurita. Martxoaren 15ean beste finalerdia ziren jokatzekoak Ultzamako Buruzgain eta Lemoa, baina pandemiagatik alarma egoera ezarri zen, konfinamendua iritsi zen eta guztia gelditu zen. 

Konfinamendua altxatu bezain pronto, antolatzaileak, Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteak, Euskal Herriko Kluben Arteko Nazionala despeditzeko data berriak jarri zituen. Horrela, 2020ko urriaren 25ean bigarren finalerdia jokatuko zen (Buruzgainen eta Lemoaren artekoa), eta azaroaren 8an final handia erabakiko zen (Irurtzunen eta finalerdiko irabazlearen artekoa). Baina pandemiaren okertzeak neurriak gogortzea ekarri zuen, tartean herrialdeen arteko mugak ixtea, eta egoerak epe motzeko konponbidea ez zuela ikusita, 2020ko txapelketa 2021era atzeratzea erabaki zuen Pilotabizik. Eta, hain justu ere, urte bat beranduago jokatuko da finala, 2021eko azaroaren 7an, Irurtzun eta Lemoa kluben artean. Hasierako finala iazko martxoaren 29an jokatuko zela kontuan hartuta, urte eta erdi luze pasa da. 

Maila handiko finala
Irurtzunen eta Lemoaren arteko finala “pilotaren festa handia” izatea nahi du Pilotabizik, eta igandean Zumarragara gerturatzeko deia egin du. Goi mailako finalak espero dira. Lau eta Erdian, Olaetxeak (Irurtzun) Aitor Etxebarria izango du aurkari. Buruz Buru, Julen Retegi izango da Irurtzungo ordezkaria, eta Aurrekoetxea (Lemoa) izanen du aurrez aurre. Eta, bukatzeko, Alberto Ongay satrustegiarrak eta Iosu Bergera arruazuarrak osatuko dute Irurtzungo bikote sendoa, Lemoako Elezkano I.aren eta Markel Egañaren kontra aritzeko. Kalitate handiko pilotariak dira guztiak, ikuskizun handia eskainiko dutenak. Hori espero du katedrak. 

Irurtzunek 2019an Euskal Herriko Kluben Arteko Nazionalean lortutako txapela defendatuko du. Agian horregatik, eta pilotari on eta trebeak dituelako izen handia du Irurtzunek, baina urriaren 23an jokatutako finalerdian Ultzamako Buruzgain irabazi duen Lemoa ez da gutxiago. Hortaz, final irekia da, guztiz. 

Omenaldia
Irurtzunen eta Lemoaren arteko finalak ikusmin handia sortu du. Horren isla, Hamaika Telebistak zuzenean eskainiko du, eta PROMECAL kateen bidez ikusteko aukera izanen da baita ere. Finalean pilota sustatzen lan nekaezina egin duten zazpi pilotazale omenduko dituzte: Zumarragako Antonio Elizondo eta Jose Antonio Aldama, Tolosako Aurrera Saiaz taldeko Luis Galarraga eta Andres Aramendi, Zegamako Tartaloetxeko Juan Mari Gereñu, Burlatako Zugarraldeko Felix Miguel eta Amurrioko Jon Guerrero.