Zumarragako Beloki pilotalekuak Pilotabizi elkarteak antolatutako Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa Nazionaleko final handia hartu zuen atzo, igandea, urte eta erdi beranduago, 2020ko aipatu txapelketa jokatzen ari baitzen pandemiak guztia gelditu zuenean.
Irurtzun klubak, 2019 urteko txapeldunak, jokatu zuen final handia, finalerdian Ultzamako Buruzgain irabazi zuen Lemoa taldearen kontra. Txapela defendatzen zutelako eta pilotari handiak dituelako Irurtzun zen faboritoa, baina Lemoak talde sendoa zuen eta lehia bizia espero zen.
Lau eta erdian Alberto Ongayk (Irurtzun) Aitor Etxebarria (Lemoa) izan zuen aurkari. Ongayk erritmo bizian jokatu zuen eta indartsu astindu zuen pilota. Bizkaitarrak partida erdira arte eutsi zuen, baina gero Ongay izan zen nagusi eta 18 eta 9 irabazi zuen. Segidan Buruz Buruko partida jokatu zuten Julen Retegik (Irurtzun) eta Josu Aurrekoetxeak (Lemoa). Lehendabiziko tantoetan Aurrekoetxeak Retegi estutu zuen eta 7 eta 8 jarri zen aurretik, baina Retegik partidari buelta eman zion eta 18 eta 9 irabaztea lortu zuen. Txapela Irurtzunek jantziko zuela jakina zen, baina azken partidan, binakakoan, dena ematera atera zen Irurtzungo bikoa, Josu Olaetxea eta Iosu Bergera, eta Lemoako Ander Elezkanori eta Markel Egañari ez zieten ia aukerarik eman eta 22 eta 4 irabazi zieten.
Irurtzunek, beraz, bigarren txapela lortu du jarraian eta goi mailako taldea duela erakutsi zuen beste behin.