Osasuna Magna Xotak Barça talde ahaltsua hartu zuen ostiralean Anaitasunan. Barça ligako oilarretako bat da, egungo liderra, eta partida zaila zuten berdeek. Are zailagoa baja ugari dituztela kontuan hartuta. Horregatik, harrobiko jokalariak zeuden konbokatuta, eta Ion Cerviño irurtzundarrak, esaterako, espero baino minutu gehiago jokatu zituen.
Bigarren minuturako Barça aurreratu zen, baina Roberto Martilek berdintzea lortu zuen. Are gehiago, Rocharen golari esker 2 eta 1 aurreratu ziren nafarrak, baina atsedenaldia baino lehen bina berdindu zuen Bartzelonako taldeak. Barçari eustea lortu zuten imanol Arregiren mutilek, baina bigarren zatian iritsi zen hondamendia, Barçak sei gol sartu zituelako, bata bestearen atzetik.
Imanol Arregiren ustetan “lehen zati oso ona” egin zuen Osasuna Magnak, taldeak zituen lesio arazoak kontuan hartuta, “baina bigarren zatiko lau minututan partidatik kanpo atera gara eta hori Barça bezalako talde baten kontra garesti ordaintzen da”. “Hau Lehen Maila da eta hau Barça da. Exigentzia maila oso handia da, eta lau minutu txar horiek nahikoa dira guri horrenbeste gol sartzeko. Ez gara egon behar genuen moduan egon” aitortu du Arregik.
Barça da Lehen Mailako liderra (hamabi puntu) eta Osasuna Magna Xota seigarren postuan dago, zortzi punturekin. Asteburuan Irurtzungo taldeak hamar punturekin sailkapenean laugarren den Cordoba izango du aurkari.