Osasuna Magna Xotak puntu oso garrantzitsua lortu zuen Cordoban, azken minutuan Cordobaren kontra hiruna berdintzea lortu eta gero. Cordoba aurreratu zen markagailuan, baina talde berdeak berehala berdindu zuen eta banakako berdinketarekin joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian Imanol Arregiren mutilei maldaz gora jarrai zitzaien partida, epaileak Rocha kaleratu zuenean, bi txartela hori ikusi eta gero. Jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan zuten berdeek, eta 3 eta 1 aurreratzea lortu zuen, aldiz, Cordobak.
Partida bukatzeko bost minuturen faltan Imanol Arregik partida gelditu zuen eta Juninho atezain-jokalari postuan jarri zuen. Linharesek nafarren bigarren gola sartu zuen, eta partida bukatzeko 8 segundoren faltan Mendivek berdinketaren gola egin zuen, balio handiko puntua lortzea ahalbideratu zuena.
Imanol Arregi taldeak egindako lanarekin kontentu zegoen. “Rocharen kanporaketaren ondoren ahal izan duguna egin dugu eta lortu dugun puntua talde lanaren ondorioa da. Taldeak lan handia egin du eta partidari buelta ematea lortu dugu. Egindakoak meritu handia du, Cordobak ongi jokatzen duelako” nabarmendu zuen entrenatzaileak.
Barça da Lehen Mailako liderra (15 puntu), eta Osasuna Magna Xota zazpigarren da (9 puntu). Ostiralean talde berdeak zortzi punturekin sailkapenean bederatzigarren den Levante hartuko du Anaitasunan, 20:30ean.