Mariana Espuny Lezaun

"Filmak Filmotekan artxibatuko dituzte"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko aza. 17a, 13:50

Mariana Espuny Lezaun 'Gure oroimenaren fotogramak' ekimenaren parte hartzailea. UTZITAKOA

Mariana Espuny Lezaunek etxean film zaharrak zituen, eta 'Gure oroimenaren fotogramak' ekimenari esker Irurtzungo liburutegiera eraman, eta filmotekako artxibategian gordeko dituzte

Ekimena Nafarroako Filmotekak eta Liburutegi Sareak elkarlanean antolatu dute.

1. Nola iritsi ziren film horiek zure etxera?
Nire aita Zuastikoa zen eta etxean leku asko zeukan. Soldadorea zen eta gauza zaharrak gustatzen zitzaizkion. Denetarik izan zuen: kotxe zaharrak, altzairuak, burdinak, motorrak, txirrindulak… Golf zelaia egin zutenean Zuastitik joan behar izan zuen errentan bizi izrelako, eta etxe handi bat bilatu behar izan zuen dena sartzeko. Larunben aurkitu zuen. Bertara eraman zuen guztia, eta gauza gehiago bildu zituen ere. Irudimen handia zuen ere eta eskulturak egiten zituen. Material horren guztiaren artean zinema proiektore handi bat zegoen, baita film bobina hauek ere. Etxea gauza zaharrez beteta dugunez, pentsatu genuen saltzeko eta emateko momentua iritsiko zitzaiela. Beste gauzak pixkanaka saltzen joan naiz. Denborarekin ere traperoen zerrenda bat egin dut, eta film horiek zerrenda batean zeuden. Bolumen nahiko handia zen eta ez nekien oso ongi zer egin haiekin. Kasualitatez filmotekaren ekimenaren berri izan nuen.

2. Nola lortu zituen?
Aitak Iruñeko eta gertuko antikuario guztiak ezagutzen zituen. Jende asko ezagutzen zuen. Objektu batekin maitemintzen zenean, lote guztia erosten zuen, edo trukeak egiten zituen ere. Baina ez zen bereizten, eta azkenean hainbeste gauza bildu zituen bakarrik etxea bete zuela. Agian proiektoreak erosterakoan pelikulak ekarri zituen ere.

3. Proiektorean ikus zitezkeen?
Ez dut uste. Erosi zituen tresna asko gero ez zituenak martxan jarri. Filmak etxera ekarriko zituen, txoko batean jarri zituen, momenturen batean proiektorea saldu zuen, eta pelikulak etxean geratu ziren.

4. Zer nolako pelikulak zeuden?
Asko zeuden, 70 bat. Nahiko gaizki kontserbatuta zeuden. Oso gutxi zeuden bere plastikozko kutxan. Zikintzen ari ziren. Zenbait filmetan bai ikusten zen westerm pelikularen bat zegoela. Tiburón ere bazegoen. Baina ez dakit pelikula garrantzitsuren bat ote zegoen. Fotograma batzuk ikusteko aukera zegoen. Ea filmotekan makinaren batean sartu eta ikusteko aukera duten.

5. Nola ezagutu zenuen filmotekaren ekimen hau?
Ez dakit Irurtzungo liburutegian jakin nuen edo iragarki bat irakurri nuen. Artxibo historiko bat sortzeko material zaharra artxibatzeko edo digitalizatzeko jaso behar zutela. Juleni, Irurtzungo liburuzainari, galdetu nion pelikula horiek nituela, eta ez nekien emateko aukera izango nuen edo ez. Aurretik filmotekarekin harremanetan jarri nintzen pelikula horiek nituela esateko, baina esan zidaten bertara eraman behar nituela, eta gaizki baldin bazeuden, ezin zutela ezer egin. Ezin nituen eraman oso handiak eta pisutsuak zirelako. Momentu hartan utzi nuen.

6. Nolakoa izan da emateko prozesua?
Julen arduratu da. Filmak Irurtzungo liburutegira eraman nituen, eta ez dakit berak zuzenean filmotekara eraman zituen edo haien bila etorri ziren. Ez ziren kotxean eramateko modukoak. Irurtzunera eramateko zenbait bidai egin behar izan nituen. Uda baino lehen eraman nituen, programaz jakin nuenean.

7. Zer gertatuko da material horrekin?
Niri esan zidaten materiala sailkatzen dutela. Egon daiteke jendea argazki edo zinema kamera zaharrak eraman dituztenak… Nik pelikulak nituen. Ez dakit zer nolako materiala jaso duten. Deitu ninduten esateko materiala jaso zutela eta orain ikusiko zutela zerbait egin zezaketen. Momentu horretan ez omen zuten film formatu hori ikusteko tresnarik.

8. Gero materiala digitalizatuta itzuliko dizute?
Ez dakit. Bi aukera ematen dizute: materiala ematea edo uztea. Materiala ematean filmoteka jabea izatera pasatzen da eta materiala erabili dezake, eta uzten baduzu norberak jabea izaten jarraitzen du, baina erabiltzeko eskubidea ematen diozu. Nik esan nien ematen nuela, ez nuen inolako interes berezirik material hori izateko.

9. Zer iruditzen zaizu zerbitzua?
Ideia oso ona iruditu zait filmotekak liburutegi sarearekin kolaboratzea. Liburutegiak liburuak uzten ditu, baita ikus-entzunezkoak ere. Orain Irurtzungoan esan digute aurrekontua moztu dietela eta gutxiago ekarriko dituztela. Baina sarearekin bat egitean jende gehiagorengana iritsi daitezke.

10. Material gehiago emango duzu?
Nik hori bakarrik eman nezakeen. Ez dakit beste momenturen batean gauzak saltzen joaten naizenean tresnaren bat ikusten badut eman dezakedan. Saldu aurretik ikertu behar da, eta balorea duen ikusi. Ikusten badut filmotekan lekua dutela, emango dut.

11. Larunben bizi zara, eta Irurtzungo liburutegiko erabiltzailea zara.
Bai, gertu dagoelako. Zortzi kilometrora dago, gutxi gorabehera. Berriozarkora joaten naiz ere Iruñera askotan joaten naiz handiagoa delako. Baina gehien bat Irurtzunera noa.