Euskal herriko udalek energia burujabetzara bidean eman beharreko pausuak ezagutarazteko asmoz, Udalbiltzak Udal proiektu energetiko komunitario eta burujabeak mintegia egin zen larunbatean. Euskal Herrian energia komunitateak sortzeko gakoak eta erronkak ezagutaraztea zuen helburu mintegiak. Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendi Sainzek azaldu zuenez, “energia jendearendako ezinbesteko zerbitzua den heinean, herritarren erabakimena eta energia baliabideen demokratizazioa ezinbestekoa da energia arloa. Aurretik, beste arlo batzuetan ikusi den bezala, tokiko eskala estrategikoa da energiaren arloan ere, eraldaketa hori eragiteko”.
Parte hartzaileen artean Irurtzungo alkate Aitor Larraza Carrera zegoen. Energia berriztagarrien proiektuak egiteko erronkei eta gakoei buruzko mahai inguru batean parte hartu zuen. Irurtzunen energia komunitatea sortzeko asmoa dute. Larrazak azpimarratu zuenez, hura gauzatzeko garaian “konfiantzazko aholkularitza tekniko baten beharra ezinbestekoa da”. “Kontsumoa nondik datorren jakiteko, energia auditoretza egitea garrantzitsua da. Horrek datu asko jartzen dizkigu mahai gainean eta erabakiak hartzea errazten digu”. Eta adibidetzat jarri zuen frontoian jarritako plaka fotovoltaikoak eragindako aldaketa: “energia berriztagarrietara pasatzeaz aparte, 2018an 22.045 euroko argindar faktura ordaintzetik, 2020ean 10.566,46 euro pagatzera pasa gara”. Bestalde, mahai inguruan zeudenek Lizarragako energia mikrosarea adibide gisa jarri zuten.