Ostiralean Osasuna Magna Xotak Levante taldea hartu zuen Anaitasunan, eta Imanol Arregiren mutilek hankaz gora jarritako partida erremontatu, eta garaipen oso garrantzitsua lortu zuten. Imanol Arregik oraindik ere ontzen dagoen taldea du bere aginduetara eta, tamalez, lesionatu asko ditu, Tony Escribano eta Bynho tartean, baina Xotak ez du inoiz etsitzen eta hori argi ikusi ahal izan zen ostiraleko lehian.
Levante talde sendoa da, Champions txapelketan jokatzen duena. Hasieratik arriskua sortu zuten, baina irurtzundarrak ez ziren kikildu. 11. minutuan Levantek gola sartu zuen, baina talde berdeak ez zuen behera egin, eta joko azkarrari eta kontraerasoari esker, Nenok bana berdintzea lortu zuen 3 minutu beranduago. Jokalari tailandiarrak ligan bere lehen gola sartu zuen. Berdeak oraindik ere berdinketa ospatzen ari ziren minutu bat beranduago Roberto Martil kapitain irurtzundarrak Levanteko Fede atezainari gola sartu zionean, azpitik.
Bigarren zatian Levante modu guztietara saiatu zen, baina defentsa sendoa erakutsi zuen talde nafarrak. Xotak ere bere aukerak izan zituen, baina ez zuten asmatu. Azken minutuetan Levanteren eraso bortitza jasan behar izan zuten Imanol Arregiren mutilek, baina eustea eta hiru puntuak etxean geratzea lortu zuten. Xota bere ahalmenetan sinisten hasi delako.
Derbiaren atarian
Barça da Lehen Mailako Areto Futboleko liderra (18 puntu). Osasuna Magna Xota seigarren postuan dago (12 puntu), eta larunbatean derbia jokatuko du puntu berberekin sailkapenean zazpigarren den Ribera de Navarra taldearekin, Tuteran (18:30). Derbia beti da derbia, baina bi taldeak arerio zuzenak dira, eta sailkapeneko postua jokoan egoteak saltsa gehiago jarri dio partidari.