Frontenisa

Irurtzun-Arakilgo Frontenis VII. Txapelketa ate joka

Guaixe 2021ko aza. 29a, 12:00

2019ko txapelketako irabazleak, Adrian Ruiz bilbotarra eta Jose Angel Claveria pitillasdarra. UTZITAKOA

Gehienez 64 bikoterendako tokia dagoenez, izena lehenbailehen ematea aholkatu du antolakuntzak

Ilbeltzaren 8an jokatuko da Irurtzun-Arakilgo VII. Frontenis Txapelketa, baina izena ematea zabalik dago. Asier Galarza Iriarte antolatzaileak aipatu duenez, txapelketak arrakasta itzela izan zuen hasieratik, eta 60 bikotetik gora parte hartzen dute, Nafarroatik kanpo etorritako zenbait bikotek baita ere. Aurten ere partaidetza handia espero da, eta, horregatik, interesatuei lehenbailehen izena eman dezaten eskatu du, 64 bikoterendako tokia egongo baita (699 453 490). 

Txapelketako egoitza nagusia Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekua  izanen da, baina partaidetza oso zabala denez, Etxarrenen, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Aldatzen, Latasa eta Lekunberrin ere jokatuko dira partidak. 

Sari ederrak
Izena ematerakoan bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu, eta kamisetak eta babesleek eskainitako produktuak jasoko ditu. Lacturale eta Irurtzungo eta Arakilgo Udalak dira txapelketako babesle nagusiak, eta zenbait komertziok ere laguntza eman dute. Sariei dagokienez, ez dira nolanahikoak. Txapeldunek 800 euro eta txapelak jasoko dituzte, txapeldunordeek 400 euro eta hirugarrenek 100 euro.