Astekaria

Pieza metalikoak fabrikatzeko LMD teknologiako makina Dinabiden

Guaixe 2021ko abe. 2a, 13:28

3D bidez pieza metalikoak inprimatzeko aukera ematen du. Enpresek haiek probatu ditzakete, haien ekoizpen prozesurako baliagarriak diren jakiteko.

Eraldaketa digitalerako guneak, Dinabidek, aurretik bazituen fabrikazio gehigarriko teknologiako makinak, hau da, 3D inprimaketa egiten zutenak. Orain artekoak plastiko eta antzeko lehengaiekin sortzen zituen piezak. Makina horiei guztiei beste bat gehitu zaie: 3D inprimaketa bidez pieza metalikoak fabrikatzeko LMD teknologiako makina. Makina hori Nafarroako Gobernuak finantzatu du 173.000 eurorekin, eskualde garapenerako laguntza planen esparruan. 

Material geruzak bata bestearen gainean jarriz sortzen da diseinatutako pieza fabrikazio gehigarriaren bidez. Fabrikazio mota horretan gehien erabiltzen diren materialak plastikozko aleazioak izan arren, edozein motatako elementuekin egin daitezke, material metalikoa barne. Laser edo LMD bidezko ekarpen prozesua (Laser Metal Deposition ingelesez) prozesu gehigarri bat da: laserrak oinarrizko materiala urtzen du, eta, aldi berean, material metalikoa injektatzen du. Metal hari edo kordoia behin eta berriz gainjarri egiten da, hiru dimentsioetako piezak sortzeko. 

Adierazpenak 
Makina ostiralean mustu zuten. Hura lanean ikusi zutenen artean  Mikel Irujo Amezaga izan zen, Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilaria. Hark esan zuenez, ekipamendu berriari esker, Dinabidek fabrikazio gehigarriko teknologiarekin dagoeneko egiten duen lanean aurrera egin ahal izanen du, ikaskuntza prozesuak garatuz eta diseinua 4.0 industriarantz eraldatzen lagunduz. Irujok gogorarazi zuen Nafarroan, eta bereziki Sakanan, metalgintzaren sektoreak duen presentzia eta garrantzia handia; “beraz, estrategikoa zen unitate hori fabrikazio gehigarri metalikoko ekipamendu espezifikoarekin osatzea”. Irujok Dinabide digitalizazio berrikuntza polo gisa definitu zuen, Nafarroakoen artean aitzindaria dela gaineratu zuen. “Hemen enpresek makinak proba ditzakete, inbertsioak egin aurretik beraien ekoizpen premiak aseko dituen jakiteko beharrezkoa dutena den edo ez”. 

Irujo gaineratu zuenez, “digitalizazioa da gaur egun ekonomia aurreratuok eman behar dugun aurrerapauso handia, hamarkada honen akaberan ere hala izaten jarraitu nahi badugu. Horregatik, Nafarroako Gobernua erabat konprometituta dago enpresa sarearekin bere eraldaketan. Nafarroa da industriak bere BPGan pisu handiena duen autonomia erkidegoa; horregatik, lehentasunezkoa da 4.0-ko industriarantz aurrera egitea”.


Aintzane Iriberri Berrostegieta, Sakanako Garapen Agentziako Industria eta Energia teknikariak eskuratu berri duten makinari eta haren erabilerari buruzko azalpenak eman ditu.

Zer ekarpen egiten dio Dinabideri LMD makinak?
Fabrikazio gehigarri unitatearen barnean metalezko teknologia izateak garrantzi handia du gure inguruko enpresa eta eragileendako. Orain arte ezagutzen genituen metalezko teknologiekin alderatuta merkea eta berritzailea da, beraz, merkatuan inpaktu handia izan dezakeen prozesua dela uste dugu.


Gainontzeko 3D makinak bezala funtzionatzen du?
Orain arte Dinabiden polimeroekin lan egiten duten 3D inprimagailuak ditugu. Haiekin alderatuta alde handia dago. Egia esan polimeroak erabiltzen dituen inprimagailu bakoitzak bere berezitasunak ditu, batzuek hariarekin eraikitzen dituzte piezak, beste batzuek poliamida hautsa urtuz. Baina metalarekin fabrikatzea salto handia izan da, metalen izaerak, berotzean eta hoztean, oso desberdinak direlako, tentsioak agertzen dira, diseinuan kontuan hartu beharreko berezitasunak eta bestelako faktoreak daude. Egia esan, makina eta teknologia bakoitza mundu bat da…

Makina hori enpresek probatzerik izanen dute? 
Jakina. Hori eta Dinabiden dauden beste guztiak. Gure ekipamendu guztia enpresen zerbitzurako da, "test before invest" deritzon kontzeptuan oinarritzen den zerbitzua eskaintzen dugu Iris, Nafarroako Berrikuntza Digitalerako Gunearen barruan. Hau da, tresneria probatu, esperimentatu eta eskarmentua izan, teknologia erosi baino lehen.


Noiz eta nola?
Gure web orriaren bidez, www.dinabide.com, harremanetan jarriz, eta hitzordua lotuz. Dinabiden beti daude ateak irekita.


Ekoizpen sisteman eraldaketa dakarte makinok, ezta? 
Bai, fabrikazio gehigarrian nabaria da, baina besteetan baita, automatizaziotik abiatuta, pertsonalizazioa, serbitifikazioa (zerbitzuetara jotzea), eta azkenengoz, inteligentzia artifiziala. Baina, betiere, teknologia lagungarria suertatzen denean du zentzua, bestela ez da egokia izanen.

Metalgintzako enpresa asko daude Sakanan. Baliagarria izanen zaie? 
Jakina. Duela urte pare bat bertako enpresen azterketa batean oinarritutako apustua da Dinabide. Izan ere, Sakanako enpresen %67 metalgintzan aritzen da. Enpresetan baliagarria izan daitekeelakoan, haien beharrei begira garatu da proiektua, bestela ez luke zentzurik. Berrikuntza ekosistema bat eraiki nahi dugu.


Dinabide 
Sakanako Garapen Agentziak 2019an jarri zuen martxan, Irurtzungo Udalarekin eta Sakanako Enpresaburuen Elkartearekin batera. Irurtzungo Inasa zenaren bulego zaharretan kokatutako lankidetza gunea, enpresen eraldaketa digitala bultzatzea helburu duena. 2020an, Dinabideko Fabrikazio Gehigarriko Unitatea hiru eremu nagusitan zentratu zen: prestakuntza, sentsibilizazio-ekitaldiak – Sustapena eta enpresentzako laguntza. Beren lantaldeak aukera eman die enpresei fabrikazio gehigarriaren teknologian eta diseinuan ikasteko prozesuak hasteko, bai eta teknologia hori industria-prozesuetan puntualki sartzeko ere.

Hiru elementuz osatuta 
Coworkinga. Gaitzen duten teknologiekin lotutako proiektuak dituzten ekintzaileek, autonomoek edo enpresa txikiek eskura dutena.

Teknologia. Enpresek eta erabiltzaileek prestakuntza jaso eta proiektuak gara ditzakete fabrikazio gehigarriko makinak, robotak eta errealitate areagotua erabiliz, hau da, 4.0 teknologiak erabiliz.

Sarea. Eraldaketa digitalari ekin nahi dioten Sakanako Enpresen Sarea.


Iris 
Nafarroako Berrikuntza Guneak Iris du izena, eta Dinabide proiektuaren zati da. Iris leihatila bakar gisa funtzionatzen du. Han enpresek beren negozioak, ekoizpen prozesuak, produktuak eta zerbitzuak teknologia digitalaren bidez hobetzeko laguntza lor dezakete. Industriako enpresak, bereziki enpresa txiki eta ertainek, enpresa berriak eta kapitalizazio ertaineko enpresak jo dezakete Irisen atean.