Erremontea

Erremontista onenak Irurtzunen

Maider Betelu Ganboa 2021ko aza. 26a, 10:00
Binakako Erremonte Txapelketa Profesionalaren aurkezpena. E-REMONTE BETI EUSKAL JAI

Ostiralean eta larunbatean Binakako Erremonte Txapelketa Profesionaleko partida bana hartuko du Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuak, 19:00etan

Goi mailako erremontistak gertutik ikusteko aukera izango dugu asteburuan Irurtzunen, E-Remonte Beti Euskal Jai taldeak antolatutako Binakako Txapelketa Profesionaleko bi partida Irurtzunen jokatuko baitira, txapelketako ohiko babesleak eta Irurtzungo Udalak lagunduta. Aipatu txapelketan lau bikote ari dira parte hartzen: Uterga-Ion, Matxin III.a-Otano, Ezkurra II.a-Saldias eta Aldabe-Azpiroz. Hasieran euren arteko ligaxka jokatuko dute, eta ligaxkako bi bikote onenek Labriten jokatuko dute final handia, abenduaren 17an. Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari Miguel Pozuetak azaldu duenez, txapelketaren helburua erremontea sustatzea da. 

Lehen jardunaldia Lodosan jokatu zen aurreko asteburuan, eta bigarrena Irurtzunek hartuko du, asteburu honetan. Bi jaialdi izanen dira, bata ostiral arratsaldean eta bestea larunbat arratsaldean jokatuko direnak. Jaialdi bakoitza 30 tantotara jokatuko den partida batek zabalduko du, eta ondoren Binakako Erremonte Txapelketa Nagusiko partida bana jokatuko dira, 35 tantotara. Txapelketako partidei dagokienez, ostiralean, Ezkurra II.ak eta Saldisek Aldabe eta Azpiroz izanen dituzte aurkari, eta larunbatean, Matxin II.ak eta Otanok Utergaren eta Ionen kontra jokatuko dute. Elizondon jokatuko da hirugarren eta azken jardunaldia, abenduaren 11ko asteburuan, eta final handia Labriten izanen da, abenduaren 17an. 

Erremontea Irurtzunen
Ostirala, 19:00etan
Beñat-Barricart / Jabalera-Garces (30 tantotara)
Binakako Erremonte Txapelketa: Ezkurra II.a-Saldias / Aldabe-Azpiroz (35 tantotara)

Larunbata, 19:00etan
Otxandorena-Agirrezabala / Zeberio II.a-Barricart (30 tantotara)
Binakako Erremonte Txapelketa: Matxin III.a-Otano / Uterga-Ion (35 tantotara)