Baja oso garrantzitsuak ditu Osasuna Magna Xotak, baina larunbatean Ribera de Navarra taldearen kontra jokatuko duten partidarako animatuta eta gogotsu daude Imanol Arregi Sarasaren mutilak. Izan ere, duela astebete Levanteren kontra hankaz gora jarritako partida irauli eta garaipen oso garrantzitsua lortzeko gai izan ziren (2 eta 1), eta jokalari gazteek ere protagonismo handia izan zuten.
Ezin zaie gehiago eskatu
Imanol Arregi entrenatzaileak Levanteren kontrako garaipena “meritu handikoa” izan zela uste du, bajak direla eta taldea bizitzen ari den egoera kontuan hartuta. Ildo honetan, Tony Escribanori asteazkenean egin zioten lotailu haustura konpontzeko ebakuntza. “Arazo asko dauzkagu, baina taldea ikusgarri dago. Oso ongi lehiatu gara, eta jokalariei ezin diet gehiago eskatu. Minimoetan gaude, jokalariak partidak aurrera ateratzeko hustutzen ari dira eta beste behin, partida handia jokatu zuten” nabarmendu du.
Larunbatean ahalegin bera egin beharko du taldeak. Derbi nafarra dago jokoan, sailkapenean seigarren dagoen Osasuna Magna Xota (12 puntu) eta sailkapenean zazpigarren den Ribera de Navarra (12 puntu) taldeen artekoa. Derbia beti da derbia, baina bi taldeak arerio zuzenak dira, eta sailkapeneko postua jokoan egoteak saltsa gehiago jarri dio partidari.
Talde bat izatea zer den
Roberto Martil Fernandez kapitain irurtzundarrak sartu zuen Levanteren kontrako bigarren gola, garaipenarena. “Pozik nago, batez ere taldearengatik. Gola sartzea gustagarria da, baina garaipena sekulakoa da. Etxean geunden, gure zaleekin, eta puntuatzeko gogotsu geunden” aitortu du. Guztiaren gainetik jokalariak ematen dutena jarri du balorean, eta talde bat zer den modu ezin hobean azaldu du. “Pasada bat da, aldagelan guztiak gara garrantzitsuak. Gazteenak minutu asko jokatzen ari dira eta asko ari dira ikasten eta ematen. Garrantzitsuena da eurek asko ematea, eta minutu gehien jokatzen dugunok maila onean egotea. Horri deitzen zaio talde bat izatea” nabarmendu du. Xotak etxean hiru puntuak lortzeko beti borrokatzen duela gaineratu zuen, “etortzen dena etortzen dela”. Eta baita kanpoan ere.
Asteartean Ferrolen
Larunbatean Tuteran ligako derbia jokatu eta gero, Galizian jarri beharko du burua Imanol Arregiren taldeak. Izan ere, Osasuna Magna Xotak Errege Kopako partida du jokoan asteartean, 20:00etan, O'Parrulo Ferrol taldearen kontra.