Osasuna Magna Xotak larunbatean gogotsu hartu zuen Tuterako bidea, Aspil Jumpers Ribera Navarraren kontra derbia jokatzeko. Levanteren kontrako garaipenaren ondoren, animoz ongi zegoen talde berdea, nahiz eta taldeak oraindik lesioengatik baja garrantzitsuak izan.
Lehen zatian ongi aritu zen Osasuna Magna Xota. Defentsan serio, Aspil Jumpersen erasoak ongi eutsi zituen eta gutxika arriskua sortzen hasi zen. Hala ere, Aspil Jumpers izan zen markagailuan aurreratu zena, 13. minutuan. Atsedenaldirako bana berdindu zuen talde berdeak, Raul Rochak penaltiz sartutako golari esker. Bigarren zatiko hasierako minutuetan bi taldeak nor baino nor aritu ziren. Aspil Jumpers Ribera Navarrak bigarrena sartu zen, eta Roberto Martil bina berdintzear egon zen, baina ez zuen asmatu. Tuterako taldeak Irurtzungoak baino askoz ere punteria gehiago izan zuen eta hirugarrena sartu zuen, ondoren defentsa lanetara pasatzeko.
Imanol Arregik atezain jokalari formula erabili zuen orduan, baina ez zen ongi atera, Ribera de Navarrak beste bi gol sartu zituelako, eta merezi baino jipoi handiagoa jaso zuen Osasuna Navarra Magnak.
Lehen Mailako Areto Futbol Txapelketako liderra Barça da (24 puntu), Viña Albali Valdepeñasi bost puntu aterata (19 puntu). Osasuna Magna Xota zortzigarren postura jaitsi da (12 puntu). Asteburuan bederatzigarren jardunaldia jokatuko da eta ostiralean, 20:30ean, Osasuna Magna Xotak sailkapenean bigarrena den Viña Albali Valdepeñas taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian. Imanol Arregiren mutilek partida zaila dute aurretik, baina etxean indartsu bilakatzen dira eta ea jokoan dauden puntuei eusten dieten.
Estrategia akatsak
Partida bukaeran, Imanol Arregi ez zegoen kontentu. “Lehen zatian ongi aritu gara; hobeak izan gara, baina beste golen bat gehiago sartu beharko genuke” azaldu zuen. Bigarren zatian, ordea, ez zirela ongi ibili aitortu zuen. “Bigarren zatian gaizki hasi gara, buelta eman diogu, baina estrategiazko gol bat sartu digute eta Marcaoren igoera gaizki defendatu dugun aldi bakarrean hirugarren gola sartu digute. Bukaeran, bosteko jokoa desastre hutsa izan da, gaizki aritu gara eta beste bi gol jaso ditugu” onartu zuen entrenatzaileak.
Iritzi berekoa zen Roberto Martil kapitaina. “Estrategian izandako bi defentsa akatsek kondenatu gaituzte eta bosteko jokoa, normalean ongi egiten duguna, ez dugu batere ongi egin. Ez dugu euren defentsa irakurtzen jakin” aipatu zuen irurtzundarrak.
Bihar, asteartea, Ferrolera
Bihar, asteartea, Errege Kopako partida jokatuko du Osasuna Magna Xotak O´Parrulo taldearen kontra.