Herriko dendekin bat! Izen hori eman dio Irurtzungo Udalak udazken akabera eta negu hasieran garatuko duen kanpainari. Haren bidez irurtzundarrak herriko dendetan erostera animatu nahi dituzte. Horrela, udalak Irurtzungo merkataritza sustatu, haren garrantzia azpimarratu eta dendek herriari ematen dioten bizitza eta dinamismoa nabarmendu nahi du. Erosketak egiterako garaian kanpainak irurtzundarrei erraztasunak emanen dizkie, izan ere, hamar euroko balioa duten bonoak prezio erdian eskuratu ditzakete.
Irurtzungo Udalak guztira 2.000 bonu egin ditu. 18 urtetik gorako irurtzundarrek eskuratu ditzakete udaletxean, astegunetan 09:00etatik 14:00etara. Ilbeltzaren 5era arte izanen da aukera, edo bonuak agortu arte. Bonoak eskuratu nahi dituztenek joan behar dute udaletxera eta bere Nortasun Agiria eraman. Gehienez ere bost bono eskuratu ditzake pertsona bakoitzak. Haiek herriko 24 establezimendutan erabili daitezke. Guztiak kartel batekin identifikatuta daude.
Erabilera baldintzak
Bonoa eskuratzeak hainbat baldintza onartzea dakar berarekin. Batetik, erosketaren zenbatekoa bonoaren balioa baino txikiagoa bada, aldea ez da eskudirutan bueltatuko. Bestetik, bonoak ezin dira eskudirutan trukatu, eta ez da inola ere balio horren zenbatekoa itzuliko. Geroz, erositako produktua bueltatzen bada, establezimenduak erosketaren balio osoarekin balea eginen dio erosleari. Gainera, nahi adina bono pila daitezke erosketa batean. Azkenik, udalak jakinarazi du bonorik edo ordaindutako dirurik ez duela bueltatuko haiek galdu edo bestelako egoerak sortuz gero.
Non erabili
Oreka firioterapia, Bea estetika, Orkarai ile apaindegia, Zuriñe ile apaindegia, Dos Hermanas ile apaindegia, Fruitis, Tahona, Urrutia harategia, Zabaleta harategia, Iriarte harategia, Galarza harategia, Amaia arrandegia, Loli arrandegia, Martxueta liburu denda, Estankoa, FutsalSakana, Ana Mª Mutiloa Martirena farmazia, Sendagai farmazia, Orderiz Motrio anaiak tailerra, Goñi txapa eta pintura tailerra, Pascual altzariak, Kate informatika, Coviran eta Aralar autoeskola.