Eduadro Brun Irisarri

"Barandan azoka izan zenaren berri jasota utzi dugu"

Guaixe 2021ko abe. 8a, 13:00

Eduardo Brun Irisarri forjaria Irurtzungo artisau azokan.

Irurtzungo barazki gunearen buelta guztian baranda bat jarri du Irurtzungo Udalak eta hura edertzeko Brun forjariengana jo zuen. Eduadro Brun Irisarri forjariak txukun gelditu dela esan du. 

Irailaren bigarren erdialdearen hasieran 50 bat irudi jarri zituzten. 

1. Zergatik jarri zuen udalak baranda?
Irurtzundarrek 2015eko parte hartze aurrekontuen bidez karpa bat erostea erabaki zuten, estalpean jarduerak egin ahal izateko. Barazki gunean jarri zuen udalak karpa. Eta eremua hesiz itxita zegoen. Pikuxar euskal txokoaren egitasmoarekin San Martin kaletik Piku plazara pasabidea egitea onartu zen. Udalak lanak egin zituen eta ingurua txukunago uzteko baranda jarri zuen barazki gunearen bueltan. Hura itxiz.

2. Nolako baranda jarri zuen udalak?
Baranda industrial bat da, 29 bat metro luze dituena. Barazki gunearen partzela ixten du. Baranda Piku plazarako pasabidetik eta plazatik ikusten da. 

3. Eta zergatik jo zuen Irurtzungo Udalak zuengana?
Sanmartingo artisau eta azokarekin dugun erlazioagatik. Barazki gunea garai bateko azoka egunetan barazkiak saltzen ziren tokia zen. Azoka izan zenaren berri jasota utzi nahi zuen barandan.  

4. Irurtzundarren ideia entzun eta ondoren, zer? 
Irurtzungo Udalarekin hitz egin genuen eta zerbait berezia egin zitekeela aipatu genien. 

5. Eta zer da egin duzuen zerbait berezi hori?
Berrogeita hamar bat irudi sortu ditugu, eta barandaren goiko ertzeko zerrendan jarri ditugu. 

6. Zer nolako irudiak ikus daitezke barandan? 
Gauza bereziak daude, ez nik ez udalekoek ere ez genekizkienak. Esaterako, zer zen ohikoa jatea, ohiko lanbideak, ekartzen zuten azienda, herri kirolen inguruko pixka bat… Garaiko azokan bizi zenaren berri ematen du. Esate baterako, Betelu eta Lekunberritik etortzen zen bidaiarien gurdi bat, diligentzia bat egin dugu. Plazaolaren Irurtzungo tren geltokia ere islatuta dago. Dagoeneko ez dagoen hiltegiaren eraikina. Azokaren berri izateko modu eder bat da. 

7. Nolaz lortu duzue ez zenekizkiten informazio horiek? 
Adinekoengandik jaso ditugu. Nik esaterako, zizeiluarena ez nuen ideiarik ere (bankua, bizkarralde altukoa, erdialdean mahaiarena egiten zuen eta jaitsi eta igo egiten zen ohola zuen). Paretan zulo bat zegoen eta haren bidez emakumezkoek mutilak ikusten zituzten. Eta horrela erabakitzen zuten batekin edo bestearekin hitz egitea. Bikoteak egiten ziren. 

8. Eta halakoak nola eraman dituzue irudietara?
Korapilatsua izan da. Azoka zena nola islatu pentsatzeak lana du. Ez da soilik kolpeak ematea, diseinatzea ere bada. Garagartzaroan hasi ginen honekin burua berotzen: zein marrazki, nola islatzen dut hau jendea nahastu ez dadin… Esaterako, idien 50 argazki ikusi genituen. Eta egokienarekin jo arte baztertzen joan ginen. Barandako neurriekin bat eginen duen irudi egokia izan behar zuen. 

9. Geroz, berrogeita hamarren bat irudi egiteko beta beharko zenuten, ezta?
Oporren hilabetea kenduta, garagartzarotik lanean ari ginen. Lan fisikoa egiten ez bagenuen, ordenagailu aurreko lanketan ari ginen, begiratzen, ikertzen… Irudi egokirik ez bazegoen, geuk marraztu behar genituen. Gero inprimatu eta moztu. Nahaspila ederra! Zer jarri eta nola egin pentsatzen denbora gehiago eman dugu egiten baino. Zatika egina dago. Zati bakoitzaren marrazkia egin eta udalari aurkezten genion. Eta oniritzia jaso ondoren egiten genituen irudiak: inprimatu, moztu, egin behar zen tamainara pasa, moztu, txapara pasa, moztu eta limatu. Irailaren 23rako jarrita zeuden. Udalak pazientzia izan du. Gugan konfiantza zuen. 

10. Zer nolako materiala erabili duzue?
Hiru milimetroko txapa. Zahartze kutsua emateko gainazalean oxido patina eman diogu. Baranda beltzarekin kontrastea egin eta irudiak gehiago nabarmendu daitezen. 

11. Pozik egindako lanarekin?
Txukun gelditu da. Irurtzungo Udalak QR kode bidez informazioa jasotzeko ikurra jarriko du. Haren bidez irurtzundarrek eta bisitariek azalpenak jasotzeko aukera izanen dute.

Erlazionatuak