Garaipen zaporeko berdinketa lortu zuen Osasuna Magna Xotak atzo Anaitasunan, Palma Futsal arerio zuzenaren kontra. Partida hankaz gora jarri zitzaion Imanol Arregiren taldeari, Palma Futsal 0 eta 2 aurreratu baitzen, baina talde berdeak ez zuen etsi, eta partida bukaeran, 38. minutuan, Roberto Martil kapitainak eta Mendibek sartutako golei esker garaipen zaporea izan zuen berdinketa lortu zuen.
Puntu justua
Imanol Arregik azaldu zuen lortutako puntua “taldeak egindako lanaren ordaina” dela. “Puntu garrantzitsua da. Bi estrategia jokaldietan 0 eta 2 aurreratu zitzaizkigun, baina bigarren zatian taldeak bere buruan sinistu du eta bukaerara arte borrokatu dugu. Ahal dugun tokietatik atera dugu indarra, jokalariak lehertuta baitaude, eta, azkenean puntu bat lortu ahal izan dugu, neure iritziz justua den puntua. Puntua, egindako lanaren ordaina izan da” nabarmendu du teknikari irurtzundarrak.
Hurrena, Burela
Lehen Mailako lider Barça taldea da (28 puntu) eta Osasuna Magna Xota zazpigarren postuan dago (16 puntu), Espainiako Koparako sailkatzeko postuen artean. Jakina denez, lehen itzulian sailkatutako lehen zortzi taldeek jokatzen dute Espainiako Kopa, eta postu horien artean dago talde berdea. Asteburuan ez da partidarik jokatuko, eta atsedena ongi etorriko zaie Lehen Mailako taldeei. Ligako hamabigarren jardunaldia abenduaren 22an eta 23an jokatuko da. Osasuna Magna Xotak sailkapenean azkena den Burela (2 puntu) izango du aurkari abenduaren 22an, asteazkenean, 18:30ean jokatuko den partidan.