Astekaria

Chaimae Daoudendako Nafarroa Koloreetan 2021 Saria

Guaixe 2021ko abe. 22a, 12:03

Chaimae Daoud sari banaketa ekitaldian. NAFARROAKO GOBERNUA

Abokatu eta gizarteratze teknikariak aurten gehien nabarmendu den migratzailearen Nafarroako Gobernuaren saria jaso du. Kulturen arteko bizikidetzaren alde eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan egindako lana saritzea da helburu.

Migrazio Politiken eta Justiziaren Zuzendaritza Nagusiak sortutako Nafarroa Koloreetan Sariak estreinakoz banatu zituen Nafarroako Gobernuak hilaren 15ean. Haren bidez kulturen arteko bizikidetzaren alde hainbat pertsonek eta erakundek egindako lana aitortu nahi du foru administrazioak. Maria Chivite Navascues lehendakariak azpimarratu zuenez, Nafarroako Gobernuak “elkartasuna, besteen aldeko lana, pertseberantzia, harrera, berdintasuna eta bizikidetzaren sustapena” baloreek markatutako etorkizuna nahi du, Nafarroa Koloreetan 2021 Sariekin aitortutako pertsonek eta erakundeek ordezkatzen dutena. 

Saritutakoen artean Chaimae Daoud abokatu eta gizarteratze teknikaria dago. Berak 2021ean gehien nabarmendu den migratzailearen saria jaso zuen, gobernuarendako jatorri migratzaileko nafarren bizikidetza eta balioaren isla delako aitortu nahi izan du gobernuak. Tetuanen jaiotako nafarra da Chaimae, 37 urte ditu. Ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Familia berriz Nafarroan elkartu zenetik bizi da hemen. Irurtzunen lau urtez bizi izan zen. Hasieratik, inguruko gizarte-mailetan sartu zen eta Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean kultura aniztasunaren zerbitzuan lan egin zuen. Ondoren, Anafen eta Gurutze Gorrian aritu zen kulturarteko bitartekari. Gaur egun Iruñerrian bizi da. 

Pandemiaren lehen asteetan, 2020ko apirilean, etxerik gabeko migratzaileen babes baliabideen buru jarri zen Iruñean eta eskualdean. Lanean ari zela, Hezitzaileen Eskolan izena emateko denbora izan zuen, Gizarteratzeko goi mailako Lanbide Heziketako titulua lortzeko. Gaur egun, CEARen gizarteratzeko teknikari gisa lan egiten du. Saria eman dion epaimahaiak bere konstantzia, ahalegina eta profesionaltasuna baloratu ditu bere lan etorkizuna bera bezalako migratzaileak gure erkidegoan integratzera bideratzeko.

Adierazpenak
Bere hitzaldian, Daoudek esker oneko hitzak izan zituen senideendako, lagunendako eta “hemen dauden eta gizartean integratzeko prozesuan lagundu didaten pertsona batzuendako. Harrera eta laguntza sentitzen dut”. Abokatuak eta integrazio teknikariak pertsona migratzaileen konpenetrazio-prozesua piramide batekin alderatu du, “izatea da oinarria, gure balioak, sinesmenak eta praktikak. Bigarren maila gizartean sentitzen eta parte hartzen hasten denean gertatzen da. Eta piramidearen gailurra da pertsona batek bere ongizatea eta zoriontasuna lortzen dituenean eta gaur egun tontor horretan nago", esan zuen hunkituta.

Halaber, Daoudek migratzaile guztiak gogoratu ditu: “beren herrialdeetako enbaxadore izatea erabaki dute, beren kultura eta ezagutzak eman dituzte, iristen direnean aukerak jasotzen dituzte eta aprobetxatzen jakin dute. Beren eskubideen alde gogor lan egiten duten eta betebeharrak betetzen dituzten pertsonei”, gaineratu zuen.