Frontenisa

Irurtzungo txapelak Madrilera eta Segoviara

Maider Betelu Ganboa 2022ko urt. 18a, 12:45

Txapelketako txapeldunak, bigarrenak eta hirugarrenak, Asier Galarza tartean (lehenengoa ezkerretik). UTZITAKOA

Irurtzun-Arakilgo VII. Frontenis Txapelketan Dani eta Miguel gailendu ziren 64 bikoteen artean, azken edizioko txapeldunei gailendu eta gero. Asier Galarza irurtzundarra eta Alvaro Fernandez hirugarren sailkatu ziren 

Ilbeltzaren 8an jokatu zen Irurtzun-Arakilgo VII. Frontenis Txapelketa. 64 bikote zeuden izena emanda eta Estatu mailan partaidetza gehien izan duen torneoa izan zen. Aurreikusi moduan, goi mailako txapelketa izan zen, bertan Estatu mailako frontenis jokalaririk onenek jokatu baitzuten, tartean munduko txapeldun izandako Victor Molina eta Joan Domingo valentziarrak. Txapelketa honen antolatzailea Asier Galarza Iriarte irurtzundarra da, eta berak ere txapelketan parte hartu zuen, Cuencako Alvaro Fernandezekin bikotea osatuta. 

Goizean kanporaketak jokatu ziren Irurtzun, Etxarren, Aldatz, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Uharte Arakil, Latasa eta Lekunberriko frontoietan. Partida estuak izan ziren, zaletasuna sortzen dutenak. Bikote bakoitzak gutxienez hiru partida jokatu behar izan zituen, eta onenek egin zuten aurrera. 

Ikusle asko
Giro ederra egon zen txapelketan, azken txanpan batez ere, arratsaldetik aurrera Irurtzunen jokatu ziren partidetan. “Nik uste dut ez dudala frontenis txapelketa batean Irurtzungoan egon zen bezainbesteko ikuslerik. Frontoiko aforoaren %75 bete genezakeen, eta kopuru horretara iristear egon ginen. Horrenbeste ikusle ikusteak gustua ematen zuen” azaldu du Asier Galarza antolatzaileak. 

Txapelketari dagokienez, partidak ikusgarriak izan zirela nabarmendu du Galarzak, maila “sekulakoa” izan zela. Bestalde, partaideen artean hainbat bikote sakandar aritu zirela nabarmendu du Galarzak, eta horrek “poz handia” eman ziola. Bera, Galarza, izan zen finalerdietara sailkatu zen sakandar bakarra, Alvarorekin bikotea osatuta, final laurdenetan meritu handiz Victor eta Joan valentziarrei, munduko txapeldun izandakoei irabazi eta gero.

Galarzak eta Alvarok finalerdietan Adrian Ruiz (Bilbo) eta Jose Angel Claveria (Pitillas) izan zituzten aurkari, aurreko edizioko txapeldunak, hain zuzen ere. Lehia estuan, Adrian eta Jose Angel gailendu zitzaizkien, 8 eta 4, eta txapelketatik kanpo geratu ziren. Beste finalerdia Danik (Madril) eta Miguelek (Segovia) jokatu zuten, Eloyren (Salamanca) eta Jonyren (Burgos) kontra. 12 eta 4 irabazi zuten Danik eta Miguelek. 

Final handia Irurtzungo frontoian sekulako giroa zela jokatu zen. Azkenean txapelak Madril eta Segovia aldera joan ziren, Danik eta Miguelek 10 eta 1 hartu baitzituzten mendean Adrian eta Jose Angel. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko finalean, Asierrek eta Alvarok 20 eta 5 irabazi zieten Eloyri eta Joniri, eta hirugarren izan ziren. Eloy eta Jony laugarren izan ziren, Victor eta Joan valentziarrak bosgarren, Cristian (Kanariar Irlak) eta Julio (Guadalajara) seigarren, Xabi eta Erik (Aduna) zazpigarren eta Asier eta Mario (Logroño) zortzigarren. 

Sariak
Sari ederrak banatu zituen antolakuntzak. Txapeldunek 800 euro eta txapelak jaso zituzten, bigarrenek 400 euro eta hirugarrenek 100 euro. Horretaz gain, parte hartzaile guztiek kamiseta eta Lacturaleren produktu lotea jaso zuten opari. Frontenis jokalari asko kanpotarrak izaki, Irurtzungo hotel, jatetxe eta tabernetan mugimendua nabaritu zen. Beste behin, arrakastatsua izan zen Irurtzun-Arakilgo Txapelketa eta Asier Galarza antolatzaileak kontentu egoteko arrazoi asko ditu, guztia primeran atera zelako, eta txapelketan hirugarren sailkatu zelako. 

Balorazio ona
Balorazio ezin hobea egin du Galarzak. “Oso pozik nago guztia ongi atera zelako, partaideak eta ikusleak ere oso gustura geratu zirelako eta jasotako mezuengatik. Askok esan didate guztia ongi antolatuta zegoela, hurrengo urtean errepikatu nahi dutela eta, mesedez, txapelketa antolatzera animatzeko, gustagarria delako bertan parte hartzera” aitortu du Galarzak. Kasu egin beharko die. 

Amantes del Fronton
Youtube plataformako Amantes del fronton izeneko kanalean Irurtzun-Arakil Frontenis Txapelketako finala, sari ematea eta Galarza-Alvaro eta Victor-Joan bikoteen arteko final laurdena jarri dituzte ikusgai. “Lauzpabost egun hauetan bideoek erreprodukzio asko dituztela esan didate plataformakoek, udako partidek baino gehiago. Interesa dutenek hor dute ikusgai” azaldu du Galarzak.