Herria guztiz eraldatu zen Inasarekin. Horregatik, Irurtzungo Udalak enpresa haren memoria jaso eta herriko belaunaldi berriei haren berri ematea egoki jo du. Horretarako, Inasa zabalik izan zen garaiko langileen, senideen, sindikalisten eta udal ordezkarien oroitzapenak bildu ditu, haien ahozko memoria udal artxiboan gordetzeko. Hamar lekukotza horiek jasotzeaz Labrit Ondarea enpresa arduratu zen joan den urtean. Bildutako guztiari forma emanen dio aurten enpresak eta herriko hurbileko historiaren berri irurtzundarren eskura dokumental eta liburu modura iritsiko da. Haietan, besteak beste, honakoak jaso dira: enpresaren, langileen eta beste erkidego batzuetako familien etorrera, langileek lan baldintza hobeak lortzeko egindako borrokak, eta industria deuseztatzeko prozesua eta haren ondorioak.
Lan aldarrikapenak eta langileen borroka izan ziren enpresaren ibilbidearen ezaugarri nagusiak. Batzarrak, soldata igotzeko eskaerak, material higienikoa, galdaketan zipriztinetatik babesteko arropa eta, adibidez, greban zeuden beste enpresa batzuekiko elkartasunak markatu zuten frankismoaren garaia. Sindikatuak iritsi zirenean, honakoak izan ziren eskaerak: soldatak igotzea, antzinatasuna aitortzea, lan egutegietatik larunbatetako gaua kentzea, joan-etorrietarako autobusak, bizi aseguruak, gaixo baimenak, lan baldintzak hobetzea… Azken batean, Irurtzungo belaunaldi berriek ere lan aldarrikapen ekintza horien berri izan dezaten nahi du udalak.
Lantegiaz
Mendetan Irurtzun bidegurutze batean zegoen pasako herri bat izan zen. Nekazaritza eta abeltzaintza ekonomiaren ardatzak ziren. XX. mendera arte, azoka eta merkatua izan ziren herriko biziaren eta ekonomiaren lekurik garrantzitsuenak. Plazaola trenak bizi berri bat ekarri zuen 1914an, eta 1925 eta 1936 artean izan ziren haren urterik onenak.
Irurtzun 1956an Arakilgo kontzeju bat zen, 400 biztanle zituena. Urte hartan Inasa enpresa (Industria Navarra de Aluminio S.A) herrian ezarri zen. Hura ezartzeko diru gehiena Huarte enpresa taldeak eman zuen, Espainiako kapitalarekin batera. Eta ondorioz gizarte, ekonomia eta hirigintza aldaketa izugarria bizi izan zuen herriak. 1962an Reynolds International multinazionalaren parte bihurtu zen. Estrusio eta galdaketa ontziak handitu edo ontzi berriak eraiki ziren. Errepide nagusian, “lanerako jendea behar da” zioen kartel bat zegoen. Soldata asteka kobratzen zen, eskura, 252 pezeta zituen gutun azal marroi batean.
Horrekin guztiarekin batera, Irurtzun modu esponentzialean hazi zen. Gaztelatik, Extremaduratik, Andaluziatik… ehunka lagun joan ziren lana bilatzera. Hazkunde horren hasieran, iritsi berriak zirenek arazoak zituzten lo egiteko leku bat aurkitzeko, eta “ugazaben” etxebizitza partikularretan bizi ohi ziren. Biztanleriaren hazkundeak Irurtzunen urbanismoa aldatu zuen; herriak ez zuen ez hirigintza planik, ez azterlanik, ez hirigintza irizpide iraunkorrik. Irurtzun 1.500 biztanle izatera pasa zen, fabrikaren aurretik zegoen biztanle kopurua ia laukoiztuz.
1987an enpresaren kapital soziala 990 milioi pezetakoa zen (5.950.020 euro). Kapital horren %77 Reynolds International taldearena zen, eta %22, berriz, Pechiney Baley SA Frantziako enpresarena. Enpresak 850 langile zituen. XX. mende bukaera Reynoldsek lantegia utzi zuen eta ondoren hainbat enpresen eskutik pasa zen: Wab, Kawner, Navarra de Extrusión, Hydro… 2012ko garagartzarora arte; orduan, Inasa Foilek bere instalazioak itxi zituen, 170 langile zituela.
Testigantza eman dutenak
Fernando Carrion Galarza, Miguel Maria Aldaia, Patxi Xabier Goñi Lazkano, Maria Jesus Lakuntza Beunza, Andoni Ruiz Higueras, Goyo Fernandez Gutierrez, Txiki Iriarte Vitoria, Maite Etxetxikia Ziganda, Ion Cordon Gonzalez eta Maite Moreno Iribas.