Areto futbola

Xota Kopatik kanpo geratu da, final zortzirenetan

Guaixe 2022ko urt. 26a, 11:03
Xotakoak, jokaldian. XOTA

Emakumezkoen Senior Mailako Kopako kanporaketan, Xotak 3 eta 2 galdu zuen Orvinaren kontra

Asteburuan Emakumezkoen Senior Mailako Kopako final zortzirenetako kanporaketak jokatu ziren. Xotak Orvina B taldea izan zuen aurkari, Ezkaba kiroldegian. Partida oso lehiatua izan zen, baina Irurtzungo taldeari erritmoa hartzea kosta egin zitzaion. Defentsan ongi, baina erasoan nahiko epel ibili ziren jokalari berdeak. Partida hasi eta berehala, laugarren minutuan, korner baten ondorioz Orvina aurreratu zen, eta egoerari buelta ezinik ibili ziren jokalari irurtzundarrak. Atsedenaldia eta gero markagailuari buelta ematera atera ziren Xotako neskak, baina kontrako korner batean 2 eta  0 aurreratu ziren Orvinakoak, zorigaiztoko jokaldian, baloiak Xotako Youssra jokalarian errebotea egin baitzuen eta barrura sartu baitzen. Hala ere, Xotako neskek ez zuten behera egin. 

Xota saiatu zen, atezain-jokalaria formularekin, baina Orvina izan zen hirugarrenez aurreratu zena. Bi txartel hori ikusi eta gero jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Orvina, eta Xotako neskek egoera aprobetxatu zuten markagailuan gerturatzeko. Youssrak bi gol sartu zituen eta 3 eta 2 hurbildu zen Xota. Irurtzundarrak azken unera arte saiatu ziren berdinketaren gola lortzen, baina ezinezkoa izan zen eta Xota Emakumezkoen Senior Mailako Kopatik kanpo geratu zen. 

Asteburuan Orvina A aurkari, ligako partidan
Asteburuan Emakumezkoen Lehen Senior Mailako hamaseigarren jardunaldia dago jokoan eta sailkapenean seigarren den Xotak sailkapenean bigarren den Orvina A taldea hartuko du larunbatean, 12:30ean, Atakondoa kiroldegian. Partida gogorra aurreikusten da. 

Emakumezkoen Bigarren Senior mailan Azkoien da lider (33 puntu) eta Xota B zortzigarren da (6 puntu). Igandean, 12:30ean Xotak sailkapenean laugarren den Tafatrans Tafa taldea hartuko du Atakondoan.