Txirrindularitza

La Pelusok izena ematea zabaldu du

Guaixe 2022ko urt. 31a, 12:00

Tropela 2019ko La Peluson. LA PELUSO

Maiatzaren 7an jokatuko da II. Irurtzungo La Peluso Zikloturista Martxa, pandemiagatik azken bi edizioak bertan behera geratu eta gero. Nobedade gisa, maiatzaren 8an La Peluso Taldekako Erlojupekoa antolatu dute. Izena ematea gaur, ilbeltzaren 28an, zabalduko da

Aurten bai. Aurten La Peluso Zikloturista Martxa arrakastatsua hartuko du Irurtzunek, COVID-19 pandemia dela eta, azken bi edizioak bertan behera geratu eta gero. Irurtzun Elkartea Kirol Taldeak antolatuko du maiatzaren 7an 8:30ean abiatuko den proba ez lehiakorra. Bi ibilbide izanen dira, luzea, 138 km eta 2.700 metroko desnibel positiboa duena, Irurtzunen hasi eta Arakil, Basaburua, Goñi, Imotz, Itza, Larraun, Leitzaldea, Malerreka eta Ollon barrena ibili ondoren Irurtzunen despedituko dena, eta laburra, 87 km eta 1.550 metroko desnibel positibokoa. Ibilbideen informazioa eta trackak eskuragarri daude La Pelusoren web orrialdean (www.lapeluso.com). 

Izena ematea zabalik dago. Gehienez 1.500 txirrindularirendako tokia dago. Aurretik 2020 eta 2021 edizioetarako 1.400 txirrindulari inguruk zuten izena emanda, eta aurreikusten da gehienek aurtengo ediziorako euren izena ematea berrituko dutela. Hortaz, toki gutxi geratuko dira proba zikloturistan aritzera animatzen direnendako. Horregatik, izena ematea lehenbailehen egitea gomendatu du antolakuntzak (federatuek 25 euro eta federatu gabekoek 30 euro, Rockthesport). Gaur, ilbeltzaren 28an zabalduko da izena ematea. 

La Peluso Taldekako Erlojupekoa
Aurtengo edizioan nobedadeak izango dira. La Peluso Zikloturista Martxa jokatu eta hurrengo egunean, maiatzaren 8an, I. La Peluso Taldekako Erlojupekoa antolatu du Irurtzun Kirol Taldeak, 10:00etan abiatuko den proba ez lehiakorra. Gutxienez 5 txirrindulari eta gehienez sei izango dituen taldeek eman dezakete izena (taldeko 150 euro, eta federatu gabeko txirrindulari bakoitzarengatik 5 euro). 36 kilometroko ibilbidea egin behar dute, Irurtzunen hasi eta bukatuko dena, Ultzamako itzulia egin eta gero. Talde bakoitzeko lehen bost txirrindulariren denbora hartuko da. Gehienez 50 talde onartuko dira.

Peluso BTT Xtreme, abuztuan
Joan den urtean La Peluso Zikloturista Martxa ez zen antolatu. Haren ordez Peluso BTT Xtreme proba ez lehiakorra antolatu zuen Irurtzun taldeak, arrakasta handiz. Bi ibilbide egiteko aukera zegoen, eta guztira 340 bikerrek hartu zuten parte. Aurten abuztuaren 27an antolatuko dute, eta izena ematea ekainean zabalduko dute.

Hastapenak
2019an antolatu zuten lehenengoz La Peluso martxa. Peluso, Irurtzunen txirrindularitza sustatu zuen Jesus Legarraren ezizena zen, eta horregatik jarri zioten bere izena txirrindularitza martxari. 965 txirrindularik eman zuten izena eta guztiz arrakastatsua izan zen. Edizio bakarra antolatuta, jadanik mitikoa bilakatu da La Peluso, martxa zikloturista antolatzeaz gain, erakusketak, txirrindulariei omenaldiak, bazkaria eta beste hartzen dituelako. Antolakuntzak Irurtzunen txirrindularitza horrenbeste sustatu zuten Jesus Legarra “Peluso” eta Pello Alzueta zirenak eta Antonio Martinez Jaunsaras “Chapas” omendu zituen, eta horretaz gain Irurtzunen Reynolds taldea sortu zenaren 40. urteurrena buruan, atzera egin eta garai haiek gogoratu zituzten. Besteak beste, Miguel eta Pruden Indurain, Arroyo, Sanz, Gorospe, Vidales, Esparza, Errea, Etxabarri, Ocaña, Atxa eta Iza igo ziren oholtzara. 

Aurtengo omenaldiak
Aurtengo edizioak hainbat pertsona eta talde omendu nahi ditu. Batetik Antonio Martinez “Chapas”. Martinez 70. hamarkadan Irurtzungo Txirrindularitza Taldeko lehendakaria izan zen eta Reynolds taldeko bultzatzaileetako bat, eta 2021ean zendu zen. La Pelusoren lehen edizioan bizirik zegoen eta omenaldia jaso zuen, eta aurtengoan, haren faltan, aitortza egingo zaio. Bestalde, txirrindularitza profesionala utzi duen Enrique Sanzek (Kern Pharma), ere aitortza jasoko du. Baita 1981, 1982 eta 1983 urteetako Reynolds txirrindularitza taldeetako txirrindulariek ere. Antolakuntzatik adierazi dutenez, talde horietako txirrindularien %95ek parte hartzea ziurtatu dute; soilik Jose Luis Laguiaren eta Perico Delgadoren konfirmazioa falta da. Bukatzeko, La Pelusoko antolakuntzak Lakuntzako Aralar Txirrindulari taldea izan nahi du gogoan, urte luzez txirrindularitza sustatzeko egindako lanarengatik. 

Antolakuntzatik nabarmendu dutenez, La Peluso probarekin txirrindularitza sustatu nahi da eta Irurtzungo txirrindularitzaren hastapenak gogoratu nahi dira, Irurtzungo eta Nuevo Legarra taldeak, talde haietatik sortu baitzen 80. hamarkadan ezinbestekoa izan zen Reynolds taldea, gaur egungo Movistar Team taldean bizirik jarraitzen duena.