Europako Areto Futbol Txapelketako geldialdiaren ondoren, lanera itzuliko da Osasuna Magna Xota. Otsailaren bigarren asteburuan berrekingo zaio ligari, hamabosgarren jardunaldiarekin, baina bihar, asteazkena, hamabigarren jardunaldian atzeratutako partida jokatuko du talde berdeak Burelaren kontra. Partida 20:30ean hasiko da Burelako Vista Alegre pabilioian.
Osasuna Magna Xota sailkapenean hamargarren postuan dago (16 puntu) eta Burela sailkapena ixten duen taldea da (2 puntu). Partida hau oso garrantzitsua da bi taldeendako. Batetik, eta jaitsierako postuak atzean uzteko bidean, Burelak jokoan dauden puntuak behar ditu, bai ala bai. Bestetik, Osasuna Magna Xotak sailkapenaren erdialdetik gora egin nahi du, martxoaren bukaeran Jaenen jokatuko den Espainiako Kopan aritzeko lehen zortzi postuetan sailkatu ahal izateko. Beraz, asko dago jokoan eta Imanol Arregiren mutilek duten onena eman beharko dute.