Areto futbola

Xota goiko bi taldeen kontra erori zen, baina aurpegia emanez

Guaixe 2022ko ots. 3a, 11:30

Xotak bi partida oso zail jokatu zituen asteburuan. XOTA

Emakumezkoen Senior Lehen Maila. Xota 0 – Orvina 6 / Xota 0 – Osasuna 2

Asteburuan Emakumezkoen Senior Lehen Mailan jardunaldi bikoitza jokatu dute Xota taldeko neskek eta biak goi mailako partidak izan dira, sailkapeneko liderraren eta bigarrenaren kontrakoak, hain zuzen ere. Eta nahiz eta bi partidak galdu, Roberto Martilen neskek azken unera arte borrokatu zuten. 

Larunbatean Xotak Orvina taldea hartu zuen Irurtzungo Atakondoan. Orvina talde sendoa da, baina ongi hasi ziren Xotakoak. Lehen minutuan parez pare lehiatu ziren bi taldeak, baina Orvinak irurtzundarren punteria falta probestu zuten eta atsedenaldirako 0 eta 3 galtzen zihoazen berdeak. Bigarren zatian Xota egoerari buelta ematen saiatu zen, baina Orvinak tarte gutxian sartutako bi golek euren asmoa zapuztu zuten. Orvinak ongi defendatu zuen lortutako aldea eta, azkenean, 0 eta 6 irabazi zion Xotari. 

Liderrari kosta egin zitzaion
Asteburuko bigarren partidan Osasuna Futsal liderra hartu zuen Xotak. Osasuna kalitate eta esperientzia handiko taldea da, eta nahiz eta Xotak defentsa lan ikaragarria egin, aldaketetarako soilik hiru jokalari zituztenez, lehertuta bukatu zuten. Aurreikusi moduan Osasuna erasoan hasi zen baina Xotako defentsak ongi eutsi zuen. Berdeek kontraeraso eder batzuk egiteko aukera izan zuten, gol aukera argiak sortuz, baina ez zituzten gauzatu. Husnako berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira, baina bigarren zatian Xotakoei nekatuta nabaritu zitzaien. Ez zuten horren ongi defendatu, eta Goiz atezainak egindako geldiketa bikainei esker eutsi zuten. Osasunak bere zelaitik gol ikusgarria sartu zuen 33. minutuan, baina Xotak ez zuen etsi. Atezain-jokalari formula erabili zuen talde irurtzundarrak, baina kontraeraso batean bigarren falta sartu zuen Osasuna Futsalek eta horrela despeditu zen partida. 

Sailkapenean Osasuna Futsal da lider (43 puntu), eta Xota zazpigarren da sailkapenean (16 puntu). 
Larunbatean sailkapenean azkena den Iruntxiki izanen du aurkari Xotak, 12:30ean, Beriain kiroldegian jokatuko den partidan. 

Emakumezkoen Senior Bigarren mailan, sailkapenean zortzigarren den Xota B taldeak bederatzigarren Olite izango du aurkari larunbatean 11:30ean Erriberrin jokatuko den partidan. Bi arerio zuzenen arteko partida izango da.