Osasuna Magna Xota Europako Areto Futbol Txapelketako geldialditik txapelketara itzuli da. Asteartean ligako hamabigarren jardunaldian atzeratutako partida jokatu zuen talde berdeak Galizian, Burelaren kontra. Bi taldeek puntu faltan zeuden: sailkapenean bi punturekin azkena izaki, jaitsierako postuetatik ateratzeko puntuatu beharrean zegoen Burela. Osasuna Magna Xotak, sailkapenean hamargarren izaki, Espainiako Kopa jokatu ahal izateko sailkapeneko lehen zortzi postuetan sailkatzea du helburu. Hortaz, partida oso lehiatua izan zen hasieratik.
Lehen zatian Burelak gol aukera gehiago izan zituen. Osasuna Magna Xotako atezain Asier Llamas ikusgarri aritu zen eta markagailua hutsik mantendu zuen, geldialdi ikusgarriak eginez, baita aurpegiarekin ere. Xotari partidan sartzea kosta egin zitzaion: baloiaren jabetza gehiago izatea falta zuen, trantsizioan azkartasunarekin ateratzea ez zuen lortzen eta ez zegoen eroso. Lehen zatia husnako berdinketarekin bukatu zen.
Bigarren zatia hasi eta lehen aukeran Fabinhok Burelaren atea zulatzea lortu zuen eta talde berdea aurreratu zen. Belauneko lesiotik osatuta, kantxara itzulera bikaina izan zuen brasildarrak. Golak indarra eman zien berdeei, jokaldi arriskutsuak sortu baitzituzten. Bi taldeen indarrak parekatu ziren eta lehia estua izan zen. Burelak berdintzea lortu zuen, baina handik gutxira Roberto Martil kapitainak berdeen bigarren gola sartu zuen, Rochak ateratako kornerra bikain errematatuz. Bi minutura, Fabinhok berdeen hirugarren gola egin zuen.
Burelak atezain-jokalari formula erabiltzea erabaki zuen, eta berehala euren bigarren gola sartu zuten. Partida asko estutu zen eta Imanol Arregiren mutilei sufritzea tokatu zitzaien. Hala ere, eutsi zuten, eta 2 eta 3 irabazita, hiru puntu oso garrantzitsu lortu zituzten, sailkapenean seigarren postura igo direlako, Europako Koparako sailkatu ahal izateko postuan, hain zuzen ere.