Astekaria

Aldaketak parte hartze aurrekontuetan

Guaixe 2022ko ots. 7a, 08:46

Irurtzundarrak Lizarra kalean. ARTXIBOA

Udalak 70.000 euro bideratuko ditu. Lau proiektuetako baten alde egiteko botoa eman beharko dute 16 urtetik gorako irurtzundarrek gaurtik 19ra. Botoa aurrez aurre edo udalaren telefono mugikorretarako Irurtzun aplikazioaren bidez emateko aukera izanen da.

Irurtzundarrek udalaren aurrekontuko diru zati bat zertara bideratu erabakitzeko aukera izanen dute. Izan ere, joan den urtean pandemiak eragindako etenaren ondoren, bueltan dira parte hartze aurrekontuak. Hamaikagarren aldia da irurtzundarrek erabakia hartzeko aukera zuzena dutela. Joan den urtean parte hartze aurrekonturik izan ez zenez, 2021erako aurreikusia zegoen diru kopurua eta aurtengoa batu ditu udalak. Geroz, irurtzundarrek 70.000 eurori zer erabilera eman erabaki beharko dute. 

Diru kopurua ez da aurtengo parte hartze aurrekontuen berritasun bakarra. Irurtzundarrei proposatu zaizkien lau proiektuetako baten alde egiteko aukera dute. Parte hartze aurrekontuen bozketan 16 urtetik irurtzundarrek parte hartzeko aukera izanen dute. Baina aurten hautaketa aurrez aurre eta identifikatuta egin beharko dute. Botoa emateko epea astelehenean zabalduko da eta hilaren 19an despeditu. Horretarako hiru modu egonen dira. Batetik, udalaren telefono mugikorretarako Irurtzun aplikazioa dago, play store edo appstoretik doan deskarga daitekeena. Aukera horren alde egiten dutenek, gaurtik 13ra arteko epea izanen dute lau proposamenetako baten alde egiteko. 

Beste aukera botoa aurrez aurre ematea da, beti ere, nortasun agiria erakutsita. Horretarako aukera honako egunetan izanen da: otsailaren 16an, asteazkenarekin, 11:00etatik 13:00etara udaletxean; otsailaren 18an, ostiralarekin, 18:00etatik 20:00etara, osasun etxeko arkupeetan eta otsailaren 19an, larunbatarekin, 11:00etatik 13:00etara, osasun etxeko arkupeetan. Azkenik, preparirurtzun@gmail.com e-posta helbidera bidali daiteke botoa. Aukera hori erabiltzen dutenek botoarekin batera, behar bezala identifikatuak izateko izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia idatzi beharko dituzte, erroldan begiratuko baitute. 

Ohi bezala, parte hartze aurrekontuen informazioa eta boto orriak herriko etxeetan zabaldu dituzte. Sustatzaileek irurtzundarrei gomendatu diete “proposamena aukeratzeaz aparte, ‘nire kalean edo auzoan dauden akatsak edota hobetzeko proposamenak’ izeneko boto orrian ekarpenak egiteko; antzemandako hutsune eta arazo garrantzitsuak udalari helarazteko”. Udal aplikazioaren bidez ere auzoa edo kalea hobetzeko ekarpenak egiteko aukera izanen da, horretarako, “Irurtzun hobetu” atalera jo behar da, “Bidali orain” aukeran, sakatu “Testua/Testua”, idatzi nahi den ekarpena/gabezia/kritika/beharra, eta, azkenik, sakatu “Enviar/ Bidali”, pantailaren eskuineko goiko aldean. 

Lau proiektuak 

Hilerriko jaitsieran asfaltoa konpontzea 

Plazaolatik elizarantz jaisten den Hilerriko Bidea edo Erga kalean galtzadaren zati bat hainbat lekutan altxatuta dago. Inguruko zuhaitzen sustraiek eragindako mugimenduagatik asfaltua pixkanaka hondatuz joan da. Narriadura hori nabarmenagoa da Plazaola eta kanposantu parearen arteko zatian. Proiektu horren helburua da egungo galtzada altxatzea eta asfaltatze berria egitea. 


Larrazpiko sukaldea, leihoak eta instalazio elektrikoa hobetzea 

Larrazpi Irurtzungo gazteei (16 urtetik goitikoei) hainbat jardueratarako utzitako udal lokala da. Lokala Irurtzungo Musika Eskolako beheko solairuan dago. Proiektuak leihoak hobetzea eta egungo elektrizitate instalazioa aldatzea aurreikusten du. Gainera, sukalderako hainbat elementu instalatzea ere aintzat hartzen du: suak, ke erauzgailu kanpaia, lan mahaia harraskarekin, ontzi garbigailua, hozkailua eta apalak. 


Mendiko ibilbideak berritzea 

Proiektu honetan, SL-NA 138 ibilbidea, Saien balkoia delakoa, berriro homologatzea eta Irurtzun eta Latasa herriak lotuko dituen beste ibilbide bat sortzea aurreikusten da. Bide berri hori, Plazaolako aparkalekutik abiaturik, SL-NA 138-a hartuta Trinitaterantz zuzentzen da, gero ermitarantz desbideratuz. Ermitatik Latasaraino jaisten da, hemendik, Arrantzaleen bidea hartu, Orazulotik pasatu eta abiapuntura iristeko. 


Barraketako esparrua asfaltatu edo hormigoitu 

Liburutegiaren eta gaztetxokoaren ondoan dagoen espazio irekian herriko festetan barrakak jarri dira azken urteetan. Espazio horretako zoruaren zati bat, neurri batean, asfaltatuta eta hormigoituta dago, eta gainontzeko zatia, legarrez estalia. Proposatutako inbertsioak eremu horren egoera homogeneizatu eta hobetzeko balioko luke, etorkizunean aparkaleku gisa erabiltzeko aukera emanez, jaietako barrakak jartzeko edo espazio irekitako egokiak diren beste erabilera batzuetarako. 

Irurtzunen parte hartze aurrekontuen bidez egindako inbertsioak
Urtea Lana Kopurua
2011 Erreka eta Bi Haizpetako inguruak aisiarako berreskuratu. 20.000
2012 Espaloiak errespetatu. Seinaleak errespetatu. 20.000
2013 Igerilekuetako instalazioak hobetu 20.500
2014 Atakondoak aldagelak. 35.000
2015 Karpa. 35.000
2016 Anbulantzietarako sarbidea egokitzea. 35.000
2017 Plazako zorua eta harmailak konpontzea. 35.000
2018 Igerilekuetako berdeguneak eta sarrerako hurbiltzea konpontzea. 35.000
2019 Igerilekuetako aldagelak konpontzea. 35.000
2020 Atakondoa patioan jolas-parkea jartzea.  35.000
2021 COVID-19 pandemiagatik ez zen izan parte hartze aurrekonturik 0
2022*   70.000
*2021eko eta 2022ko diru kopuruak batuta.