Gazte bat atxilotu dute Xotako presidenteari 8.100 euro lapurtzeagatik

Guaixe 2022ko ots. 4a, 11:30

Tatono Arregiri lapurtutako maletatxoa. Xotako partiden sarreretako eta bazkideen kuotetako dirua zegoen bertan.

Tatono Arregiren autoan zegoen maletatxoa hartu zuen

Urrian gertatu zen. Tatono Arregiren autoa indarrez zabaldu –kopilotuaren leihoa jaitsi zuten, indarkeriarekin– eta han zegoen maletatxoa lapurtu zuten. Barruan, besteak beste, 8.100 euro zeuden, Xota areto futbol taldearen bazkideen kuotako ordainketena eta Xotaren partidako sarreren salmentena. Polizia Nazionalak atzo, osteguna, azaldu zuenez, 22 urteko gazte bat atxilotu dute lapurreta egin izanagatik.

Tatono Arregik berehala eman zuen lapurretaren berri eta berehala hasi zen ikerketa. Maletatxoa autoa aparkatuta zegoen tokitik gertu azaldu zen, dirurik gabe. Lapurra identifikatzea lortu zuten, baina hasiera batean polizien datu baseetako analisiek ez zuten hura berehalakoan lokalizatzerik izan. Azkenean, Iruñeko Udaltzainek Iruñeko Udaletxeko plazan hura identifikatzea eta atxilotzea lortu zuten. Indarkeriaz lapurreta egitea egozten diote.