Musikak adierazten du hitzekin esan ezin dena

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ots. 9a, 13:19

Ojos Violeta taldearen kontzertua. UTZITAKOA

Amaia eta Maite Azcona Garcia ahizpek Ojos Violeta taldea sortu dute. Abestien bidez genero indarkeriaren eta ahizpatasunaren inguruan hitz egiten dute. Jendea "pentsaraztea" nahi dute. Otsailaren 13an kontzertua eskainiko dute Irurtzunen

Proiektua intimitatean hasi zuela esan du Amaia Azcona Garcia antsoindarrak eta Ojos Violeta taldeko letren egileak: "Etxean abestiak konposatzen hasi nintzen, jakin gabe ezer konposatzeko aukera nuenik ere". Hitzekin gauzak adieraztea eta jendeari "bere gauzak" kontatzea kostatzen zaiola aitortu du, "eta musika izan zen hori egiteko modu bat". Barrundiak hustutzeko modu bat. Gurasoek ukelelea oparitu zioten, eta haren laguntzaren bidez bikotekidearekin izandako harreman "beldurgarriaren" inguruako abestiak sortzen hasi zen. "Bazirudien denak bat egiten zuela".

Konposatzea "giltzarria" izan zen. "Terapia" bat. "Ni hasieran ez nintzen kontziente gertatzen ari zitzaidanaz, uste bainuen besteei gertatzen zitzaiela ere. Normalizatzen joan nintzen. Amesgaizto bat zen". Kontsumitzera iritsi zela aitortu du Azconak. Musika eta abestiak sortzea "hitz egitea bezala" zen. Ez zen besteei kontatzen ausartzen, "ez nuen nire burua gai ikusten kontatzeko", baina musikaren bidez "errazagoa" zen. Otsailaren 13an, igandea, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean kontzertua eskainiko du Ojos Violeta taldeak.

Ahizpatasuna
Intimitatean sortutako abestiak lagun talde batean elkar banatzen hasi zen: "Abestiak publiko egin behar nituela esaten zidaten, berdinagatik pasatzen ari ziren beste emakume batzuei lagun niezaiekeela". Lagun talde horretan bere ahizpa bikia Maite zegoen, eta zeharkako txirula jotzen zuenez, abestietan txirula sartzen saiatu ziren. Ahizpa abesten ere hasi zen, "eta ahotsek bat egiten zuten". Proiektua sortzen joan zen. Biek erdi mailako musika ikasketak egin dituzte, Amaiak biolontxeloa jotzen du eta Maitek zeharkako txirula, baina ez zuten musika ikasketekin jarraitu. "Baina, azkenean, gustatzen zaizuna ateratzen da". Hala ere, biak irakasleak dira eta "noizean behin" eskoletara instrumentuekin joaten ziren. Ojos Violeta taldearekin ere ikastetxetan emanaldiak egiten dituzte, eta oso bereziak direla esan du Amaiak: "Gaztetxoek galderak egiten dituzte, eta pentsatu nahi dut zerbaitekin geratu direla. Hori da itxaropena".

Aire da Amaiak sortu zuen lehenengo abestia, eta harreman "beldurgarri" horretan gertatu zitzaiona kontatzen du. "Lehenengoak ildo horretan doaz: emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak, horretatik pasa zarela identifikatzen duzunean, genero indarkeriaz…". Ondoren, ahizpatasuna, lagun taldearen laguntza eta abarreko gaiei buruz idazten hasi zen. "Gero abesti goxoagoak daude, beste ikuspuntu batetik sortuta. Hori guztia pasatu ondoren sortutakoak". Bere garapena ikusten da.

Ojos Violeta taldeak lantzen dituen gaiak kontuan hartuta, izenak emakumearen kolorea izan behar zuela nahiko argi zuten. Lagun batek jarri zien izena: "Kadizera bisitatzera joan ginen, eta Itziarrek esan zuen ez ginela hortik joango sortzen ari zen taldearen izena lortu arte. Poteoan geundela atera zitzaion, esan zuelako gure begiek asko transmititzen dutela".

Publiko egiten
"Kanpotik analizatzen dudanean, gehien bat lehenengo kontzertuak eskaintzen hasi ginenean, oso emozionantea zen, baina beste alde batetik asko irekitzen ari nintzen eta nire buruari galdetzen nion ea zer ari nintzen egiten. Ez nekien errepikatu nahi nuen ere". Jendearen aurrean "hainbeste irekitzea" gogorra dela esan du Azconak. Emanaldiak ematen jarraitu zuten, eta dagoeneko hogei bat eskaini dituzte. Hasieran tabernetan emanaldi "informalak" ematen hasi ziren. "Udaleko zinegotzi batek jarraitzen gintuen, egiten genuenarengan sinisten zuen eta gustatzen zitzaion, eta kontzertu handiago bat eskaintzeko proposatu zigun". Hasieran beldurra zuten, "ez genuelako espero horrelako zerbait egin genezakeenik". Javier Vicuña Monasterios gitarra joleari laguntza eskatu zioten, eta lehenengo kontzertua eman zuten.

Garai horretan diskoa grabatzeko ideia sortu zen ere. "Lagun batek argazkiak egiten ditu, eta urtebetetzerako argazki saio bat oparitu zigun, "eta dena haritzen joan zen". Carcarreko beste lagun batek diskoak grabatzen ditu eta diskoa grabatzeko aukera sortu zitzaien. Diskoa Rompiendo el guion deitzen da, abesti baten izenburua da, eta "garrantzitsua" iruditu zitzaion "emakumearen indarra erakustea": "Emakumea izateagatik dagoenarekin apurtu behar dugu eta irakatsi digutena aldatu behar dugu; ikasitakoa desikasi behar dugu. Gelditzen zaigun aukera bakarra da". Diskoaren irabazien %80 ACNUR Gobernuz Kanpoko Erakundearen sexu indarkeria jasan duten emakumeen proiektu batera bideratzen dute. "Argi geneukan diskoa kaleratzen bagenuen emakumeak lagundu nahi genituela. Ez genekien nola, eta proiektu hau agertu zen".

Zuzenekoak
Ojos Violeta taldearen kontzertuak lau bloketan edo gaietan banatuta daude eta, gutxi gorabehera, Amaiaren prozesua erakusten dute: genero indarkeria, ahizpatasuna, maitasuna eta ahalduntzea. "Normalean sentsazioa da ez dutela ikusiko dutena espero. Formatua deigarria da". Abestu ez ezik, gai bakoitzaren inguruko testuak irakurtzen baitituzte. "Baliteke publikoaren zati bat molestatzea, edo, behintzat, pentsaraztea". Espero "ez duzun" istorioak kontatzen dituztela esan du. "Gertuko pertsonek ere ezin zuten pentsatu horrelako istorioak gertu izatea". Geroz eta konfiantza gehiagorekin ateratzen dira oholtzara, eta "pila bat" disfrutatzen ari dira. "Kontzertuen bidez borroka honetan jarraitu nahi dugu. Hori da momentuz aurreikusita duguna". Oso pozik daude.

Bitartean, Amaiak sortzen jarraitzen du, baina ikasturtea dela eta, "gutxiago". Abesti bat atera behar zaionean "barrundietan" zerbait nabaritzen duela esan du. "Agian ikusi badut zerbait ez zaidana gustatu, nabaritzen dut kontatzeko gogoa, eta ez zaidanez hitzekin ateratzen, gelan sartzen naiz eta konposatzen hasten naiz".