Areto futbola

Osasuna Magna, Inter Movistar hartzeko prest

Guaixe 2022ko ots. 11a, 10:45

Osasuna Magna Xota eta Inter Movistar taldeen arteko aurreko partida bat. ARTXIBOA

Bi taldeak arerio zuzenak dira Espainiako Kopa jokatu ahal izateko lehen zortzi postuetan sailkatzeko lehian. Partida igandean jokatuko da, Anaitasunan, 12:00etan. Asier Llamas atezainak kontratua luzatu du

Osasuna Magna Xotak eta Movistar Inter taldeek igandean Lehen Mailako Areto Futboleko Ligako hamabosgarren jardunaldiko partida jokatuko dute, 12:00etan, Anaitasunan. Osasun neurriak jarraituz, aforoaren %75 bete ahalko da. 

Areto Futboleko Lehen Mailako Ligako liderra Barça da (37 puntu), Xota seigarren postuan dago, bi partida gutxiagorekin (19 puntu) eta Dani Saldise irurtzundarraren Inter Movistar talde ahaltsua hamargarren da (16 puntu), Xotaren arerio zuzena, talde madrildarrak ere bi partida gutxiago jokatuak baititu. Inter Movistar ligako oilarretako bat da, nahiz eta denboraldi hasiera oso ona ez izan. Beraz, jokoan dauden hiru puntuak ezinbestekoak dira bi taldeendako, Espainiako Kopa jokatu ahal izateko lehen zortzi taldeen artean sailkatu behar baitira.  

Asier Llamasek beste urte batez luzatu du kontratua
Osasuna Magna Xota eta Asier Llamas atezaina akordiora iritsi dira eta atezain irurtzundarrak beste urte batez jarraituko du talde berdearen atea defendatzen, 2023 urtera arte. Bi aldeak oso pozik daude kontratua beste urte batez luzatu izanagatik. “Oso pozik nago etxeko taldean beste urte batez jarraituko dudalako, nire familiaz eta horrenbeste maite dudan jendeaz inguratuta. Hemen disfrutatzen jarraituko dugu, zaleei pozaren bat eskaintzen” azaldu du Osasuna Magna Xotako bigarren kapitain den Asier Llamasek. Irurtzundarrak zaleak izan ditu gogoan. “Orain arteko ilusio berbera izaten jarrai dezatela, Xotaren proiektuan gehitu dezatela, proiektu ona delako. Gutxika aurreko garai onetara itzuliko gara, agian hobeak biziko ditugu” gaineratu du. Beste urte batez kamiseta berdea janztea “oso handia” dela nabarmendu du irurtzundarrak.