Areto futbola

Bost positiboek Xotak Interren kontra jokatu beharreko partida atzeratzea ekarri zuten

Guaixe 2022ko ots. 14a, 09:00

Osasuna Magna Xotaren entrenamendu bat. XOTA

Igandean jokatu beharreko partidaz gain, asteazkenean Xotak Santa Colomaren kontra jokatu beharreko Errege Kopako partida ere atzeratu du Ligako epaileak

Atzo, igandea, Osasuna Magna Xotak Lehen Mailako Areto Futbol Ligako hamabosgarren jardunaldiko partida jokatu beharra zuen Inter Movistar taldearen kontra Anaitasunan. Espainiko Kopa jokatu ahal izateko jokoan zeuden hiru puntuak oso garrantzitsuak ziren bi taldeendako, eta Inter bezalako talde garrantzitsu baten kontra jokatzeko irrikaz zeuden Imanol Arregiren mutilak. Tamalez, COVID-19 birusaren kontrako probetan bost positibo izan ditu talde berdeak eta Interren kontrako partida atzeratzea eskatu zuen Xotak, Ligako epaileak baimendu duena. Halaber, epaileak Osasuna Magna Xotak asteazkenean Errege Kopako txapelketan Santa Colomaren kontra jokatu beharreko partida ere atzeratu egin du. 

Lau partida atzeratu
Egoera honek talde berdearen martxa guztiz korapilatu du, egutegi nahiko itxia baitzuen Imanol Arregiren taldeak. Aurretik ere Ligan bi partida atzeratuta zituen, hain zuzen ere otsailean jokatu behar zituenak, eta egoera honi ligako hirugarren partida atzeratu bat eta Errege Kopakoa gehitu behar zaizkie. 

Xotatik azaldu dutenez, bost positiboetatik hiru orain arte gaixotasuna hartu ez zuten hiru jokalariri dagozkie. Beraz, pandemia hasi zenetik hona plantilla guztia kutsatu da. Gertatutakoagatik pena dute. “Gaixotasun honek sortzen dituen arazoak handiak dira. Ilusioz gainezka geunden, Espainiako Kopara jokatu ahal izateko ahalik eta lan onena egiteko, Errege Kopan aurrera egiteko, eta orain itxaron behar. Sortutako arazoengatik barkamena eskatzen dugu” azaldu du Xotako juntak. Hala ere, aurrera egingo dutela, ez dago zalantzarik, eta ahalik eta hobekien entrenatzea, ez dute besterik.