Bi espaloi zati egokituta

Guaixe 2022ko ots. 16a, 11:04

Espaloia handituta zebrabide parean San Martin kalean. @ehbilduirurtzun

Oinezkoen segurtasuna handitzeko, espaloia zabaldu egin du udalak.

Kalea alde batetik bestera zeharkatzeko bi zebra bide autoen aparkalekuen erdian: San Martin kalean (Pikuxar zaharraren parean) eta Bi Ahizpe kalearen 38. zenbakian. Zebra bideak aparkalekuan lau metro egiten zituen. Ibilgailuen altueragatik, askotan oinezkoek kaletik autorik pasatzen zen ikusterik ez zuten. Eta zebra bidearen zati handi bat hartuz aparkatzen zuenik ere bazen. 

Irurtzungo Udalak halako berezitasunak dituzten bi zebra bide egokitu egin ditu haien luze zabalean. Horretarako, haien parean dauden espaloiak handitu egin ditu eta luzeran lau metro eta zabaleran bost metro irabazi dute. Ondorioz, bi kasuetan zebra bidea soilik ibilgailuak pasatzen diren kale zatian daude margotuta. Bi lanekin udalak Irurtzun “seguruagoa, atseginagoa eta erosoagoa izatea” lortu nahi du. Lanek 5.579 euroko aurrekontua izan dute (BEZ kanpo).