Areto futbola

Irurtzungo puntuak, Txantreara

Guaixe 2022ko ots. 17a, 09:45

Xota eta Txantrea lehian. XOTA

Emakumezkoen Lehen Senior Maila. Hamabigarren jardunaldia: Xota 1 – Txantrea 4

Xotak eta Txantreak hamabigarren jardunaldiko atzeratutako partida jokatu zuten asteburuan Irurtzunen. Talde irurtzundarrak lan handia egin zuen, baina ez zuen saririk lortu, puntuak Txantreara joan baitziren. Punteria falta izan zen Roberto Martilen nesken arazo nagusia, bi taldeak nor baino nor aritu zirelako. Defentsako akats baten ondorioz aurreratu zen Txantrea. Xotak makina bat gola aukera izan zituen, baina ez zituen sartu. Eta talde irurtzundarra hobekien zegoenean, Txantreakoen bigarren gola iritsi zen. 

Bigarren zatian Xotak Txantrea hobeto estutu zuen, baina punteria faltak arazoa izaten jarraitzen zuen. Atzera ere Txantreak gola sartu zuen, hirugarrena, eta Xotak atezain-jokalari formularekin arriskatzea erabaki baino lehen iritsi zen irurtzundarren golak, Hermok sartutakoa. Xota saiatu zen, baina Txantreak laugarrena sartu zuen eta 1 eta 4 galduta despeditu zen partida. 

Osasuna Futsal taldeak jarraitzen du lider (46 puntu), eta Xota seigarren da (16 puntu). Igandean Xotak 19 punturekin sailkapenean bosgarren den Mutilbera taldea hartuko du Atakondoan, 12:15ean. Bi arerio zuzenen arteko partida lehiatua espero da.