"Hizkuntzekin jolasteko aukera izanen dugu"

Guaixe 2022ko ots. 18a, 14:58

Antolatzaileak ekimenaren aurkezpenean.

'Ama hizkuntzak eta Elkartasun' ekimena hartuko du Irurtzungo plazak igandean 12:00etatik 14:00etara. Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak sakandar guztiendako antolatu du. Etxean erabiltzen ez diren jostailuak eraman eta beste bizi bat emanen diete ere.

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, Itxipuruk, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Atakondoa eskola publikoko guraso elkarteak antolatu dute igande eguerdiko ekimena, Irurtzungo Udalaren laguntzaz. 

Ama hizkuntzak ezagutu, eta haiekin jolasteko aukera emanen du Irurtzungo ekimenak. Gainera, erabiltzen ez diren joko eta jostailuak eramanez elkartasunerako aukera ere izanen da. Anitzartean kuturartekotasun zerbitzuko teknikari Begoña Zestau Baraibarrek eman ditu igandekoari buruzko argibideak. 

Nolaz sortu da ekimen hori? 
Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna astelehenean ospatuko da. Marko hori izanda eta Sakanan zein hizkuntza aniztasuna dagoen ikusita, ama hizkuntzen presentzia plazaratzea pentsatu genuen. Bezpera, igandea izanik, ekimena Irurtzunen egiteko egokia zela ikusi genuen. 

Badakizue ibarrean zenbat hizkuntza dauden? 
Ez dugu lortu denak zenbatzea, eta, baten bat faltan izanen dudanez, nahiago du zifrarik ez esatea. Baina dezente daude, egia da. Gero eta anitzago, gero eta aberatsago. 

Zergatik ama hizkuntzaren eguna?
Amarengandik etxean jasotzen, ikasten dugun hizkuntza da ama hizkuntza. Ez da hori ikastea bakarrik. Horren bidez, hari horrekin, mundua ezagutu eta ulertzen dugu. Horregatik, zerbitzuan ikusten genuen aukera ona, polita eta errespetuzkoa zela ikusten genuen, beste ama hizkuntza mordo bat kontuan hartzekoa. Hori guztia uztartzeko kalera ateratzea pentsatu genuen. Oraingoan Irurtzunen, baina Sakanan dagoen hizkuntza aniztasunaren dena da. 

Nola aterako da hizkuntza aniztasun hori kalera? 
Ekimen ludikoa izanen da. Ama hizkuntza batzuk uztartu nahi ditugu. Ama hizkuntzekin jolasean arituko gara: hizkuntzen dominoaren jolasa, hizkuntzekin bikoteak egitekoa, hizkuntzen jolas elektronikoa… Eta zerbitzuan sortutako aniztasunaren okaren jolasa mustuko dugu. Hizkuntzekin jolasteko aukera izanen da. Horretaz aparte, munduko jolasekin gozatzeko aukera izanen da. 
Eta hizkuntzak direla medio, elkartasunerako tartea izanen da. 

Euskarak tokirik izanen du? 
Jakina. Euskara Zerbitzuaren txokoan munduko hizkuntzak, hizkuntza aniztasuna, hizkuntzen tamaina eta hizkuntza txikiak eta halakoak landuko dituzte. Gainera, euskara lantzeko jolasak ere izanen dira: berbaxerka eta beste batzuk.  

Jolasa. Haurrendako da edo sakandar guztiendako? 
Sakandar txiki eta handiendako, denendako da. Taldeka, banaka, familian jolasteko aukera izanen da. Betiko jolasetara jolasteko aukera eta gunea ere izanen dira. 

Elkartasuna nola landu duzue? 
Aspaldiko urteetan Irurtzunen joko eta jolasen trukea egiten zen. Pandemia aurretik hori aldatu eta familian jolasteko jolas kooperatiboen astea egin genuen. Pandemiak dena gelditu zuen. Oraindik eguberrietatik ez oso urrun gaudenez, pentsatu genuen etxean egoera onean eta erabiltzen ez ditugun jolasak eta jostailuak izan ditzakegula. Eta gure inguruan halakorik jasotzen ez duen haurrak egon daitezke. Jolasaz ari garenez, elkartasun tartea erraztu eta aukera hori eman nahi diogu hurbiltzen den guztiari. Iruñerriko Elkarri Laguntza elkartearekin elkarlanean ari gara azken sei bat urtetan. Igandean jendeak erabiltzen ez dituen jolas eta jostailuak plazara ekarri horiek Iruñera bideratuko dira, han banatzeko. 

Anitzartean plazara bueltan da. 
Bai, behar da. Premia dago, gogoa. Ikusiko da zer erantzun dagoen. Horregatik da xumea, ordu pare batekoa. Musikaz girotuta egonen da. Berriz aniztasuna kalera ateratzea da helburuetako bat.