Astekaria

Barrearen atzean, mezua

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ots. 21a, 12:35

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileak. UTZITAKOA

Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak 'Luze edo motz' bikote bakarrizketa egin zuten, atzo, Irurtzunen. Umorearen bidez emakumezkoek egunerokotasunean jasaten dituzten egoerak azaleratu dituzte. Hausnarketarako bidea da umorea. 

Duela hamazazpi bat urte Mirari Martiarena Idoia Torregarairen bekadun izan zen Udako Euskal Unibertsitatean, komunikazioaren arloan. "Bat egin genuen gauza askotan, baina bereziki umorean". Urte batzuk beranduago, Martiarenak Torregarairi elkarrizketa egin zion Oiartzun irratian eta galderetako bat "zer gertatzen zaizu oraindik egiteko?" zen: "Idoiak erantzun zuen Mirarirekin monologo bat". Duela lau urte unea iritsi zen, eta biak elkarrekin bakarrizketak egiten hasi ziren. "Historia eta harreman luze" bat dutela esan du Torregaraik: "Umore bikiak garela esaten dugu; berdin pentsatzen dugulako". Bakean dagoena bakean utzi bakarrizketa ikuskizunaren ondoren, Luze edo motz saioa aurkeztu dute, eta igandean Irurtzungo kultur etxean eskaini zuten. 

Bakarrizketak egunerokotasunean "kezkatzen edo ezinegona sortzen" dieten gaietatik sortu dituzte: "Zertaz hitz egin nahi dugu, zer da mugitzen gaituena, zertaz hausnartzea nahi dugu eta zeri egingo diogu barre". Kontatu nahi dutena, nahiz eta gai "serioak" izan, umoretik kontatzen dituzte. Hausnarketa hori egiten dutenean behin paperera eraman behar dutenean, "oso erraz" egiten dutela azaldu du Torregaraik, "aipatutako kezka edo ikuspegi horiek lantzen joaten garelako".

Luze edo motz ikuskizunean egunerokotasunaren gauzei buruz hitz egiten dute. "Ez dugu ezer asmatu. Lantzen ditugun gaiak ez dira gai nagusiak edo lerroburu nagusiak, bigarren maila batean daudenak dira. Gehienak emakumeen gaitzat, kakotxen artean, direnak direlako". Hilerokoari buruz, ginekoloarengana joateari buruz, menopausiari buruz, sexuari buruz edo emakumezkoaren masturbazioari buruz hitz egiten dute, besteak beste, bakarrizketa saio honetan. "Normalean naturaltasunez hitz egiten ez diren gaiak dira", azaldu du Martiarenak.

Umorearen bidez
"Zer nahi dugu umorearen bidez deseraiki? Baita barre egin ere, baina agerian jarri nahi ditugu". Bizitzetatik eta esperientzietatik abiatu dira, baina "landu beharreko gaiak dira oraindik orain eta ikusten dugu umorea deseraikitzeko eta eraikitzeko tresna ikaragarria dela", azaldu du Torregaraik. "Gainera, ondo pasatzen dugu". Publikoa barrez ateratzen da, baina buruari ere eragiten dio. "Hortik abiatuta gauza batzuk lortu nahi ditugu; buruari eragitea nahi dugu". Publikoaren erantzuna "ona" izaten dela esan du Martiarenak, "eta askotan errepikatzen den esaldia bazen garaia da. Bazen garaia honi buruz hitz egiteko". Emakumeen artean ez delako gai horiei buruz hitz egiten, "erakutsi digutelako tabuak direla, gauzak zikinak direla, eta hobe horri buruz ez hitz egitea".

Jendeak barre egiteko premia duela esan du Martiarenak. "Badirudi umorea arinkeriz hartzen dela, gauza arina dela, baina umorearekin gauza serioak ladu daitezke. Momentu serioetan edo mina ematen duten momentuetan umorea sartuta eramangarriagoa egiten da dena". Bi umoregileek "autokontzientzia" bat dute, bizitza umorez ikusteko hartutako erabakia. "Horrek ez du esan nahi bizitza arinkeriaz bizi dugunez, baina umorearekin eramangarriagoa da". Torregaraik azaldu du umorea "estrategia ona" dela mezuak helarazteko. "Gure munduan behar dira ikerketa potoloak eta horri buruz modu serioan hitz egin behar da, baina umorea ere askotan baztertuta gelditzen den tresna eraginkorra da". Aldatu nahi diren gauzak aldatzen saiatzeko eta "fokua bertan jartzeko" erabiltzen dute. "Azpibaloratutako estrategia bat izaten da, eta guk azaleratzen dugu".

Emakumezkoak
Martiarenak esan du emakumezkoei oraindik ere plaza hartzea kostatzen zaiela, eta hori aldarrikatu nahi dutela: "Emakumeei beti erakutsi izan zaigu nola egon behar garen: bigarren maila batean, diskretuak, ez dugu nabarmendu behar, barrezka ari bagara ere esaten digute ez egiteko barre hain altu… Beti bigarren maila batean". Orain, martxoaren 8aren bueltan emanaldi asko izanen dituztela aipatu du, "baina ez da erreala. Emakumeak berdintasun zerbitzuetatik kontratatzen gaituzte eta gizonezkoek kulturatik. Oraindik desberdintasun oso nabarmena da. Gu plazaz plaza oso gustura ibiltzen gara, baina antolatzaileek horri buelta bat eman beharko liokete.". Bi umoregileek pausua eman zuten jakinda "eskema asko apurtzera" joanen zirela, "emakumeoi oholtzaren zentroan 'txorakeriak' esaten egoteko ukatu egin zaigulako".

Haien ikuskizunen publikoa, orokorrean, emakumezkoak izan ohi dira: "Kartela ikusten dutenean eta bi emakume ikusten dituztenean gizonezkoak ez dakit zer nolako konexioa egiten dute eta hau emakumeentzako da eta niri ez dit axola pentsatzen dute". Baina ikuskizuna gizonezko batek egiten badu, unibertsala eta guztientzako bezala hartzen dela salatu du Torregaraik. "Oso harro gaude emakumeak hurbiltzen zaizkigulako, azken finean, protagonistak gara, bai oholtzan bai beste aldean. Alde horretatik, polita da". Pixkanaka horrekin apurtzen joan behar dutela esan du. "Hausnarketa hor dago, emakumezkoak doaz gehien bat kulturara; zergatik gizonak ez dira kultur ekitaldietara hurbiltzen, are gutxiago, emakumeek egindako kultur ekitaldietara? Guk denentzako egiten dugu".