Areto futbola

Xotak partida "oso txarra" egin zuela dio Imanolek

Guaixe 2022ko ots. 21a, 10:52

Manzanares eta Osasuna Magna Xotaren arteko partida. XOTA

Osasuna Magna Xotak 5 eta 1 galdu zuen Manzanaresen kontra. Asteartean talde berdeak Santa Coloma hartuko du Anaitasunan

Eguberrietako eta Europako Areto Futbol Txapelketako geldialdien ondoren ekin zitzaion Lehen Mailako Areto Futbol Ligari baina taldean izandako bost coronavirus positiboengatik astebete gehiago atzeratu zen Osasuna Magna Xotaren itzulera, horrek dakarren guztiarekin: partidak atzeratu beharra, txapelketa erritmoa atzeratzea… Imanol Arregiren taldeari horrek guztiak ez dio batere mesederik egin, larunbatean Manzanaresen kontra jokatutako partidatik 5 eta 1 galduta itzuli baitziren etxera. 

Manzanaresek Osasuna Magna Xota ederki estutu zuen, eta Imanol Arregiren mutilei partidan aurrera egitea kosta egin zitzaien. Atsedenaldira 1 eta 0 galtzen joan ziren jokalari berdeak, eta bigarren zatia hasi eta berehala bigarrena sartu zuen Manzanaresek. Taldearen sentsazioak ez ziren onak, eta Nenok egindako penaltiak eta Manzanaresen hirugarren golak egoera gehiago korapilatu zuen. Imanol Arregik atezain-jokalari formula erabili zuen eta Raul Rochak gola sartzea lortu zuen, baina talde nafarra 5 eta 1 galduta itzuli zen etxera. 

Imanol Arregik aitortu zuen “partida oso txarra” egin zutela eta “porrota justua” izan zela. “2 eta 0 galtzen ginela partidatik irten egin gara. Hortaz, porrota justua da eta argi ibili beharko dugu, inoiz ezin baita lehiatzez utzi” nabarmendu zuen. 

Barça da Lehen Mailako liderra (38 puntu) eta Osasuna Magna Xota zortzigarren postuan dago (19 puntu). Asteartean atzeratutako hiru partidetako bat jokatuko du talde berdeak, hamahirugarren jardunaldikoa, hain zuzen ere. Imanol Arregiren taldeak Industrias Santa Coloma taldea hartuko du Anaitasunan, 20:00etan.