Areto futbola

Bigarren kolpea jarrian

Guaixe 2022ko ots. 23a, 10:48

Osasuna Magna Xota modu guztietara saiatu zen, baina ezin. XOTA

Osasuna Magnak 0 eta 1 galdu zuen Santa Colomaren kontra galtzea merezi ez zuen partidan

Atzo, asteartea, ligako atzeratutako partida jokatu zuen Osasuna Magna Xotak Santa Colomaren kontra, Anaitasunan. Talde berdeak ez zuen galtzea merezi izan, behin eta berriz saiatu zelako, baina gehiegi barkatu zuen eta Santa Colomak lortu zituen jokoan zeuden hiru puntuak azken minutuan 0 eta 1 irabazi eta gero. 

Osasuna Magna ongi hasi zen, agintzen eta gol aukerak sortzen, baina Roberto Martilek, Raul Rochak eta Nenok sortutako jokaldiek ez zuten fruiturik izan. Baloia ez zen Santa Colomakoen areatik ateratzen, baina gutxika bere tokia hartu zuen Santa Colomak eta gol aukerak sortu zituen, baina Asier Llamas atezainak ez zuen arazorik izan eta bi taldeak husnako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian parez pare aritu ziren bi taldeak. Bi taldeek euren aukerak sortu zituzten, baina baloiak ez zuen kontrako atean sartu nahi. Osasuna Magna Xotak gehiegi barkatu zuen, eta, tamalez, partidaren bukaerarako minutu baten faltan Verdejok Santa Colomaren aldeko gola egin zuen, bukaeran polemikoan, eta hiru puntuak Kataluniara joan ziren. 

Ez zen emaitza justua izan
Imanol Arregi triste zegoen galdu izanagatik. “Gogorra izan da, irabaztea merezi izan dugulako, baina galduz gero nahiago dut horrela galtzea eta ez aurreko egunean bezala” nabarmendu zuen. 

Barça da Lehen Mailako liderra (38 puntu) eta Xota bederatzigarren postura jaitsi da (19 puntu), Espainiako Kopa jokatu ahal izateko lehen zortzi postuetatik kanpo. Beraz, lehen itzulia bukatzeko geratzen zaizkion partidak irabazi beharra ditu talde berdeak, atzera ere lehen zortzi postuetan sartzeko. Igandean, 19:30ean, talde berdeak sailkapenean hamalaugarren den Real Betis izango baitu aurkari Sevillan, atzeratutako beste partida batean. 

Asteazkenean, martxoaren 2an, Errege Kopako kanporaketa jokatuko du Osasuna Magnak Santa Colomaren kontra, Katalunian.