Areto futbola

Gola falta zaio

Guaixe 2022ko ots. 28a, 10:20
Roberto Martil kapitaina, partidaren une batean. XOTA

Osasuna Magna Xotak 2 eta 1 galdu zuen Betis taldearen kontra, Sevillan. Talde berdea bederatzigarren postuan dago, Espainiako Kopa jokatu ahal izateko lau puntura

Osasuna Magna Xotak bolada txarrean jarraitzen du. Atzo, igandea, Betis izan zuen aurkari Sevillan jokatutako atzeratutako partidan. Atzera ere, punteria falta izan zen talde berdearen arazo nagusia, punteria falta horrek Imanol Arregiren taldea guztiz kondenatu baitzuen. 

Betis sailkapenaren atzealdean dago, puntu faltan. Lehen zatian ongi hasi zen Osasuna Magna Xota, oso ongi egituratuta. Baloiaren jabetza bere gain hartuta, ongi jokatu zuten Imanol Arregiren mutilek eta gol aukerak sortu zituzten, hiru oso argiak, baina ez zituzten gauzatu. Atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren, eta bueltan antzeko joera izan zuen partidak, gol aukerak alperrik galtzen. Osasuna Magnak sei falta egin zituen, eta azkeneko falta horren ondorioz iritsi zen Betisek sartutako gola. Baina talde nafarrak berehala erantzun zuen: azkar egin zuten sakea eta jokaldi horretan bertan Fabinhok bana berdintzea lortu zuten. Minutu bat beranduago Betisek primeran erantzun zuen, ezkerrarekin Joselitok egindako jaurtiketa Asier Llamasek defendatzen zuen atean sartu baitzen. Imanolek Linhares atezain-jokalari postuan jarri zuen, baina nafarrek ezin izan zioten partidari buelta eman eta 2 eta 1 galduta itzuli ziren Sevillatik. 

Imanol Arregik azaldu zuen partida ona egin zutela baina betiko arazoa izan zutela, “punteria falta”. “Kontrako atean ez dugu asmatzen, eta azken partidan bezala, oso gutxirekin irabazten gaituzte. Partidaren zati gehienean hobeak izan gara eta jokalari oso argiak izan ditugu, baina ez dugu gola sartzen, eta kirol honetan baloia kontrako atean sartu beharra dago. Taldeak lehiatzen du, partidaren zama hartzen du bere gain, eta lana ongi egiten du. Gola falta zaigu” ondorioztatu zuen. 

Sailkapen orokorrean Barça da liderra (38 puntu) eta Osasuna Magna Xota bederatzigarren da (19 puntu), Espainiako Kopa jokatuko duten lehen zortzi taldeetatik lau puntura. 

Asteazkenean, Errege Kopako kanporaketa
Asteazkenean Errege Kopako kanporaketa jokatuko du Osasuna Magna Xotak Industrias Santa Colomaren kontra, Katalunian. Eta ostiralean El Pozo Murcia taldea hartuko du ligako jardunaldian, 20:30ean Anaitasunan jokatuko den lehian.