Areto futbola

Imanolek dio ezin dela horrenbeste barkatu

Guaixe 2022ko mar. 3a, 08:45

Gol aukera ederrak sortu zituen Osasuna Magnak, baina ez zuten asmatu. XOTA

Osasuna Magna Xota Errege Kopatik kanpo geratu da final zortzirenetan Santa Colomaren kontra 5 eta 1 galdu eta gero. Beste behin, punteria faltak eta akatsek kondenatu zuten talde berdea

Punteria falta. Berriro ere, hori izan zen Osasuna Magna Xotaren arazoa eta kondenazioa. Imanol Arregiren taldeak ongi jokatzen du, baina kontrako atean asmatzea, hori da falta zaiona. Eta golik sartu gabe, ez dago irabazterik. 

Atzo, asteazkena, Errege Kopako final zortzirena jokatu zuen Osasuna Magnak Katalunian, Santa Colomaren kontra. Azkenaldiko bolada txarrari buelta eman nahi zion taldeak, baina, atzera ere, bide beretik jarraitu zuen: ongi jokatu zuen taldeak, baina kontrako atean ez zuen asmatu, gehiegi barkatu zuen eta partidak ihes egin zion. Historia errepikatu zen. 

Talde berdeak lau baja izan zituen –Roberto Martil kapitainak aitatasun baja zuen– baina, hala ere, taldea ongi aritu zen. Bi taldeak gogotsu hasi ziren, eta 7. minutuan iritsi zen Santa Colomaren lehen gola, Asierrek baloia eskuz baztertu ondoren Uri Santosek egindako jaurtiketan. Hala ere, Osasuna Magnak ez zuen behera egin eta aukera politak sortu zituen. Horrela, Fabinhok bana berdintzea lortu zuen, berdeen gozamenerako. Baina atsedenaldirako segundo batzuen faltan Santa Colomak bigarrena sartu zuen. 

Bigarren zatian hobeto aritu zen Osasuna Magna Xota. Aukera ederrak sortu zituen, baina gehiegi barkatu zuten eta hainbat akats egin zituen. Zortea ez zegoen euren alde. Santa Colomak, aldiz, izan zituen aukerak hobeto aprobetxatu zituen eta 5 eta 1 irabazi zuen, Errege Koparako final laurdenetarako sailkatuz.

Akatsak eta punteria falta
Santa Colomakoa, berdeendako beste porrot oso mingarria izan da. Imanol Arregi entrenatzaileak egindako akatsak eta kontrako atean ez asmatzea aipatu zituen arrazoi nagusi. “3 eta 1-era arte partida oso paretsua izan da. Hiruzpalau aukera oso argiak izan ditugu partida berdintzeko, eta ez dugu egin. Hirugarren golean akatsa egin dugu eta horrek mina egin dugu. Bosteko jokoan ez gara ongi egon, baloi galtze tonto batean laugarren gola sartu digute eta hor bukatu da partida guretzat. Lehen mailan etxetik kanpo jokatzerakoan bigarren, hirugarren eta laugarren golak ezin dituzu jaso, eta guk hala egin digu. Eta horri guztiari punteria falta gehitzen badiogu, ba hau da dagoena. Gol aukera oso argiak izan ditugu, eta ezin da horrenbeste barkatu” nabarmendu zuen.