Ibilgailuen gaineko zerga kobratuko du udalak

Guaixe 2022ko mar. 10a, 11:29

Irurtzundarrak San Martin eta Lizarra kaleko bidegurutzean, eta autoa. ARTXIBOA

Jakinarazi duenez, hilaren 31n izanen da borondatez ordaintzeko azken eguna.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko aurtengo zerga, zirkulazio-zerga, kobratuko du aurki Irurtzungo Udalak. Helbideratutako ordainagiriak borondatezko epearen azken egunean igorriko ditu, hau da, martxoaren 31n. Irurtzunen alta emanda dauden ibilgailuen jabeek ordaindu beharko dute aipatu zerga. Ibilgailuei alta emateagatik urte osoaren zati proportzionala ordaindu behar dute irurtzundarrek, hiruhileko osoetan, matrikulaziokoa barne, dagokion autolikidazioaren bidez. Bestalde udalak jakinarazi du ilbeltzaren 1ean ibilgailu baten jabe den pertsonak zerga osoa ordaindu beharko duela, nahiz eta ondoren ibilgailua saldu edo transferitu duen. Bestetik, ibilgailu baten saltzaileak 10 egun ditu Probintziako Trafikoko Buruzagitzari jakinarazteko.

Ibilgailuren bati behin betiko baja emateko Nafarroako Trafikoko Buruzagitzan eskatu behar da. Onartua izateko, urte horretako ibilgailuen gaineko zergaren ordainagiria aurkeztu behar da. Ibilgailu bati baja ematen zaionean, baja hartu eta hurrengo hiruhilekoei dagozkien kuotak itzultzeko eska daiteke. Horretarako, idazki bat aurkeztu beharko da udaleko edozein erregistrotan. Bestalde, ibilgailu berrietan, matrikulatu aurreko zerga ordaindu behar da.

Salbuespena
Udal zergak salbuespen bat du. Ordaintzeari utziko diote  %33ko edo gehiagoko desgaitasuna izateaz aparte honako ezaugarri hauetakoren bat duten pertsonen izenean matrikulatuta dauden ibilgailuak: mugikortasun urritua izatea; Defizit kognitiboa, intelektuala edo nahasmendu mentala izatea; begirik onenean 0,1eko ikusmen-zolitasuna edo hori baino txikiagoa izatea zuzenketarekin, edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus eremua izatea, edo adingabea izatea. Salbuespena pertsona bakoitzeko ibilgailu batera mugatuko da.

Salbuespenak baliatu ahal izateko, interesdunek eskatu egin beharko dituzte, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak eta matrikula, bai eta onura izateko arrazoia ere. Udalak salbuespena deklaratu ondoren, horren froga ematen duen agiri bat eginen da.