Areto futbola

Unerik onenean iritsi da garaipena

Guaixe 2022ko mar. 7a, 11:00

Garaipenak biharko Interren kontrako partida erabakigarrirako botika ederra da. XOTA

Osasuna Magna Xotak 5 eta 4 irabazi zion El Pozori ostiralean Anaitasunan. Bihar, asteartea, Inter Movistarren kontrako partidan Espainiako Kopara nor sailkatuko den dago jokoan

Osasuna Magna Xotak azken bolada txarrari agur esan zion eta garaipen garrantzitsua lortu zuen ostiralean El Pozo Murcia talde ahaltsuaren kontra. 

El Pozo Murcia hobeto hasi zen. Murtziarrek talde berdea ederki estutu zuten, eta hasieratik gol aukera oso arriskutsuak sortu zituzten. Bosgarren minuturako gola sartu zuen El Pozok, eta Imanol Arregiren mutilak behin eta berriz partida berdintzen saiatu ziren. Hala ere, kontrako atean berriro asmatu zutenak murtziarrak izan ziren. Egoera aldapan gora jarri zitzaion Osasuna Magnari, baina berehala Fabinhok 1 eta 2-koa ezarri zuen eta atzera ere partidan sartu zen Xota. Atsedenaldia baino lehen Ion Cerviño irurtzundarraren jaurtiketa El Pozoren ate barrura sartu zen, eta binakako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatian El Pozo gola sartzera atera zen, eta baita lortu ere. Baina Jonathan Linaresek hiruna berdindu zuen. Izugarri gogortu zen partida, baina atzera ere El Pozo aurreratu zen. Berriro ere, erremontatu beharra zuen talde irurtzundarrak, partida bukatzeko hiru minuturen faltan. Raul Rocha atezain jokalari jarri zuen Imanol Arregik eta jokalari berdeak gol aukerak sortzen hasi ziren buru belarri. Raul Rochak launa berdintzea lortu zuen eta handik gutxira Raulek 5 eta 4-koa sartu zuen. Azken bi minututan ederki sufritu zuten Imanol Arregiren mutilek baina garaipenari eutsi zioten eta hiru puntu oso garrantzitsu poltsikoratu zituzten. 

Inter Movistar, ia ia final bat
Lehen Mailan Barçak jarraitzen du lider (41 puntu) eta Xota hamargarren da (22 puntu). Hain zuzen ere bederatzigarren den Inter Movistar taldearen kontra jokatuko du Xotak asteartean Anaitasunan, 20:00etan. Atzeratutako partida da eta oso partida garrantzitsua: Xotak irabazten badu, lehen zortzi postuetan sartuko da eta Espainiako Kopan aritzeko sailkatuko litzateke. Inter Movistarrek irabaziko balu, talde madrildarra sailkatuko litzateke, eta berdinketa egonez gero, Cordoba Futsal. Hortaz, asteartean asko dago jokoan. 

Imanol Arregi pozik dago taldean ostiralean egindako lanarekin. “Bolada oso txarretik gentozen, ongi jokatuz baina kontrako atean asmatu gabe, eta halako garaipen batek sekulako animoa ematen dio taldeari. Uste dut sekulako bultzada emango digula” nabarmendu zuen teknikari irurtzundarrak, Inter Movistarren kontrako partida erabakigarria buruan.