Areto futbola

Osasuna Magna Xotaren gaurko finala

Guaixe 2022ko mar. 8a, 10:24

Partida garrantzitsuaren bezperan Roberto Martil kapitainak adierazpen ugari egin behar izan zituen. XOTA

Imanol Arregiren taldeak Inter Movistar hartuko du gaur, asteartea, Anaitasunan. Espainiako Kopa jokatzea dago jokoan

Anaitasunak borborka egingo du gaur. Ligako atzeratutako partida jokatuko dute Osasuna Magna Xotak eta Inter Movistarrek, baina gaurkoa ez da ligako partida soil bat izango. Lehen itzulian sailkatzen diren lehen zortzi taldeek Espainiako Kopa jokatzen dute, eta hain zuzen ere postu horietan sailkatzea dute jokoan bi taldeek. Laburbilduz, gaurko partida Osasuna Magnak irabazten badu, Imanol Arregiren taldea sailkatuko da Espainiako Kopa jokatzeko; Inter Movistar gailentzen bada, talde madrildarra sailkatuko da; eta berdintzen badute, Cordoba Patrimonio de la Humanidad taldea sailkatuko litzateke. Beraz, asko dago jokoan gaur 20:00etan Anaitasunan jokatuko den partidan eta Imanol Arregiren mutilek partida finaltzat hartu dute. 

Hala adierazi du Roberto Martil kapitain irurtzundarrak. “Aurtengo denboraldiaren helburua kategoriari eustea da, baina Espainiako Kopan parte hartzea horren gertu dugunez, gaurko partida final handi gisa hartuko dugu. Niretzat Espainiako Kopa txapelketarik politena da, 11 aldiz lehiatu naiz bertan eta gehiagotan aritu nahiko nuke. Ea posiblea den” azaldu du kapitainak. 

Aurrean Inter Movistar dute, talde ahaltsua, baina denboraldi honetan uste baino gehiago sufritzen ari den taldea. Bertan jokatzen du Xotako jokalari ohi Dani Saldise irurtzundarrak eta Eric Martelek. “Egia esan, ez dakit zer gertatzen ari zaion aurten Interri. Agian puntuek ematen duten konfiantza falta hori izango da. Dena den ez dut zalantzarik partida oso gogorra izango denik” dio Imanol Arregi entrenatzaileak. 

Berdeek zaleen babesa izango dute, izugarri eskertzen dutena. “Etorri daitezela, hori eta gehiago beharrezkoa izango dugulako” gaineratu du Martilek.